argia.eus
INPRIMATU
Kalamuari eragin medizinalak aitortu dizkio Nazio Batuen Erakundeak
  • Asteazkenean Vienan egindako bozketan, Nazio Batuen Erakundeak kalamuaren ezaugarri medizinalak onartu ditu, El Salton jaso dutenez.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 02a

Erakunde honen barneko Estupefazienteen Batzordean izan da bozkaketa eta gehiengo sinplearen bidez, erabaki dute kalamua ateratzea 1961eko Drogei buruzko Konbentzioaren IV. zerrendatik, eta beraz, onartzea ofizialki erabilera medizinala duela.

Aldeko 27 botorekin onartu da neurria, Europar Batasuneko estatu kide guztiek alde egin dute, eskuin muturreko Orbanen Hungariak izan ezik. Aldiz, Asia eta Afrikako herrialde gehienek aurka bozkatu zuten.

Aurretik bestelako erregulazioak badauzkaten beste herrialde batzuek, esaterako, Kanadak, Kolonbiak, AEBek, Mexikok eta Uruguaik, kalamua drogen zerrendatik ateratzearen eta sendagai gisa dituen abantailak onartzearen alde egin dute.

Dena den, aisialdian kontsumitutako kalamua orain arte bezala tratatzen jarraituko duela adierazi du nazioarteko erakundeak.