argia.eus
INPRIMATU
NBEk Gaddafi erasotzeko baimena eman du, eta operazio militarra ordu gutxiren buruan has liteke
  • Libiako egoera belikoa irauli dezakeen ebazpena onartu du bart Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak. Herritar zibilak babesteko ezinbesteko neurriak hartzeko baimena eman die nazioarteko herrialdeei eta aire eremua erabiltzea debekatu die hegazkin libiarrei. Modu horretan, NBEk ateak ireki dizkio Gaddafiren kontrako balizko airezko eta itsasoko eraso bati, ebazpenak ez baitu lurreko interbentziorik aurreikusten.

2011ko martxoaren 18a
Bengazi

Ebazpena onartzeko orduan Frantziaren eta Britainia Handiaren ekimena erabakigarria izan da, egindako gestioek Txinak eta Errusiak betorik ez jartzea ahalbidetu baitute. Britainia Handia hasi da gerrarako hegazkinak prestatzen, eta Frantziak edozein momentuan eraso dezakeela jakinarazi du.

Gaddafiren gudarostea Bengaziren ateetan dagoela onartu du NBEk ebazpena eta funtsezkoa izango da hiri errebeldea Tripoliko gobernuaren eskuetan ez erortzeko. Bengaziko herritarrak oihuka eta kantuan ospatu dute kaleetan nazioarteko erabakia. Azken egunetan, Gaddafiren militarrak hiriz hiri posizioak bereganatu dituzte, batez ere hegazkin militarrekin eta gerrarako gurdiekin duten nagusitasunaz baliatuta. Orain, nagusitasun hori kinkan gera liteke nazioarteko operazioak aurrera egiten badu.