argia.eus
INPRIMATU
Interneteko espioitza giza eskubideen urraketatzat jo du NBEren ebazpen batek
  • NBEko Giza Eskubideen Batzordeak adierazi duenez, "inork ezin du esku-hartze ilegal edo arbitrariorik jasan bere bizitza pribatuan, ezta familian edo Interneteko zein sareaz kanpoko hartu-emanetan ere".  Alemaniak eta Brasilek bultzatu dute testua, AEBek egindako espioitza masiboen harira.

    nadie debe ser objeto de injerencias arbitrarias o ilegales en su vida privada, su familia, su domicilio o su correspondencia",  
Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 27a
AEBek ez dute bere jarrera garbi azaldu, baina AEBetako ordezkari Elizabeth Cousensek proiektua errespetatu eta babestuko dutela baieztatu du.

Alemania eta Brasilek eginiko proposamenak gainerako herrialdeen babesa jaso du eta 2013ko abenduan jarriko da martxan. Bertan biltzen diren arauak ez dira derrigorrez bete beharko baina pisu politikoa izanen dute.

Ebazpenak lehen aldiz zehazten du gobernuek eta enpresek egindako zaintza eta datu trukaketak “giza eskubideak urratzen dituztela”.

Horrez gain, eremu digitalean ere giza eskubideak babestu behar direla jasotzen du agiriak. Bestalde, agerian uzten du espioitzak eskala masiboan egiteak "eragin negatiboak” dakartzala.

AEBetako Brasilgo enbaxadore Antonio de Aguiar Patriotak adierazi duenez, “akordioak lehen aldiz jasotzen du giza eskubideak eremu guztietan gailendu behar direla eta, beraz, sarean eta saretik kanpo babestuak egon behar dute”.

Peter Wittig, Nazio Batuen Alemaniako ordezkariak honako galderak mahai-gaineratu ditu erresoluzio bileran: “Bizi pribaturako eta intimitaterako giza eskubideak babestuta al daude aro digitalean? Teknologiak guztia ahalbidetzen badu posible ote da muga horiek errespetatzea?”

Brasil eta Alemaniak azaro hasieran aurkeztu zuten NBEko Batzar Nagusian nazioartean sareko pribatutasuna babesteko proiektua. Dokumentuak mundu mailako espioitza elektronikoaren amaiera eta Interneteko askatasunaren hedapena eskatzen zituen, besteak beste.

AEBtako Inteligentzia Agentzien espioitza kasuen eskandaluaren erdian etorri da erabakia, mundu osoko herritarrek eta Angela Merkel edo Dilma Rousseff bezalako agintariek zaintzak jasan dituztela jakin ostean.

Edward Snowden AEBetako Inteligentzia NSA segurtasun agentziako langile ohiak ezagutarazi zituen Washingtonek mundu mailako 35 lider zelatatu zituela gutxienez. Eta norbanako eta enpresak espiatu dituztela.