argia.eus
INPRIMATU
NBEk arrazoia eman dio Donostiako ospitalean indarkeria obstetrikoa jasan zuen emakume bati
  • Emakumea erditzera behartu zuten zesarea bidez, protokoloak adierazten dituen 24 orduak itxaron gabe. Ebakuntza bitartean besoak lotuak izan zituen eta haurra jaiotzean zuzenean pediatrarengana eraman zuten.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 15a
Haurdun dagoen emakume bat ospitalean. Argazkia: Banc d'Imatges Infermeres, Flickr.

Emakumea 38 asteko haurdunaldia zeukala iritsi zen Donostiako ospitalera 2012an, urak egin zituelako. Medikuek ordea ez zioten 24 orduz itxaroteko protokoloari kasurik egin eta zesarea bat egin zioten umea ateratzeko. Ume goiztiarra izan zen eta emakumearen baimenik gabe egin zuten ebakuntza. Nazio Batuen Erakundeak orain arrazoia eman dio emakumeari eta salatu du emakumeak indarkeria obstetrikoa —haurdun dauden emakumeek osasun profesionalengandik jasaten duten indarkeria— jasan zuela.

N.A.E-k, lehenik, lehen arretako medikuarengana jo zuen, antsietate sintomak zituela-eta. Bertan “erditze osteko estres nahasmendua” diagnostikatu zioten. NBEk salatu duenez Espainiako justiziarengana jo zuen, baina medikuak zuela azken hitza esan zioten eta biktimak salatutako kalte psikologikoa “pertzepzio kontua” zela. Hiroko Akizukik, NBEren Emakumearen Diskriminazioa Deuseztatze Batzordeko kideak, adierazi du “medikuek eta erizainek aplikatu beharreko estandar eta protokolo guztiak bete izan balituzte, zitekeena da biktima modu naturalean erditu izana, fisikoki eta mentalki traumatizatu zuen prozedura hartatik igaro beharrik gabe”.

NBEren ebazpena

Indarkeria obstetrikoa “fenomeno orokortua, sistematikoa eta osasun sisteman errotua” dela azpimarratu du Nazio Batuen Erakundeko batzordeak. 23 adituk osatzen dute, horietako 22 emakumeak dira eta Gladys Acosta du buru.

Batzordeak Espainiako Estatuari eskatu dio biktimari “osasun fisiko eta psikologikoan izandako kalteengatik ordain aproposa” ematea eta emakumeen “autonomia eta ahalmena” errespetatzea, erditze prozesuaren inguruko informazio osoa eskainiz. Erditzean tratamendu inbaditzaileak aplikatu baino lehen haurdun dagoen pertsonarengandik baimen librea, aurretikoa eta informatua jasotzea beharrezkoa dela azpimarratu du baita ere. 

NBEk adierazi du estatuko agintariek prestakuntza profesionala eman behar dietela osasungintzan haurdun dauden emakumeekin lan egiten dutenei, emakumearen ugalketa-osasunaren eskubideen arloan. Eta, bestalde, antzeko trebakuntza espezializatua ere eman behar dietela langile judizialei eta legea betetzeaz arduratzen direnei.