Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) presidenteak Palestina estatu behatzaile gisa onartzea eskatu du Nazio Batuen Erakundean (NBE). Batzarrak 15:00etan erabakiko du onartuko duten ala ez. PAN alderdia itxaropentsu azaldu da, 193 kideetatik 115ek babestuko dutelakoan.
“Ekialdeko bake negoziazioak berreskuratu eta bizkortzea” da palestinarren helburua. NBEren Batzar Nagusira eramandako testuan diote “errefuxiatu palestinarrak, Jerusalem, asentamenduak, mugak, segurtasuna eta ura” direla haien kezka nagusiak.
Israelek eta AEBek jakinarazi dute Palestina estatu behatzaile gisa onartuz gero PAN boikotatuko dutela, blokeo ekonomikoa egingo diotela eta asentamendu berriak eraikiko dituztela.
Bozketa New Yorken egingo da eta PANek jada ustezko emaitzak plazaratu ditu: 115 baiezko, 22 ezezko eta 56 abstentzio. Frantziak, Austriak eta Suediak baiezkoa emango dutela adierazi dute. Espainiak esan du testua sakon aztertu ostean erabakiko duela zer egin, eta Erresuma Batuak baiezko botoaren truke baldintza bat jarri du: Israel ez eramatea Hagako Zigor Epaitegira gerra krimenak egotzita.
Israel Hagako Zigor Epaitegira
Palestinarren eskaeraren helburuetako bat da Israelgo kargudunak Hagako Auzitegira eramatea. Israelen Zisjordaniako eta Jerusalem Ekialdeko asentamenduak legezkoak ez direla salatu du PANek. Genevako 4. Itunaren arabera, asentamenduak herrialde okupatzaile batetik herrialde okupatura aldatzea gerra krimena da. Horregatik Israelek eta AEBek presioa egin diote Palestinako Aginte Nazionalari bere eskaeran Israelen kontrako klausula bat sar ez dezan.
Bigarren saiakera NBEn
Mahmud Abbasek iaz eskatu zuen lehen aldiz NBEn estatu behatzaile gisa onartzea, eta ez zuen lortu, horregatik egin du eskaera berriro. Segurtasun Kontseiluak hartu zuen erabaki hura, baina oraingoan Batzar Nagusiak erabakiko du. Kasu honetan inork ez dauka beto eskubiderik eta babes zabalagoa lortzea espero dute.
Baiezkoa lortuko balute, Israelekiko negoziazioak aldatu egingo lirateke Palestina herrialde okupatu gisa joko luketelako. Mustafa Barguti politikari eta ekintzaile palestinarrak adierazi duenez, “Genevako Ituna herrialde okupatuetan ezartzeko; Arrazakeria eta Bazterkeria Batzordeari Israelek ezarritako apartheid-a ikustera deitzeko; eta Zisjordania, Gaza eta Jerusalem Ekialdea eremu okupatu direla nabarmentzeko" balioko die.