argia.eus
INPRIMATU
“Nazkatuta gaudelako ikasleria martxan” aldarripean kalera atera da Ikama
  • Hego Euskal Herriko 19 hiri eta herritan egin ditu mobilizazioak Ikama antolakundeak, pandemian ikasleak jasaten ari direna salatu eta zerbitzu publiko euskaldun eta indartsuak aldarrikatzeko. Bihar ere mobilizazioak egongo dira. Izan ere, sektore publikoan greba dago deituta. Gainera, Ikasle Abertzaleakek, Ikasek eta UIBk ere kalera ateratzeko deia egin dute

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 21a
Argazkia: Ikama

Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste 15 herritan mobilizatzera deituta zeuden ikasleak, Ikamak antolakundeak deituta. Pandemian bizi duten egoera salatu dute mobilizazioetan, ikastetxeetan ezarritako neurriak eta aurretik zeuden eta egoerarekin sakondu diren arazoen aurrean ikasleek eskubideak aldarrikatu dituzte.

Besteak beste, ikasgeletako ikasleen kopuruak murriztea, kontrol sozialarekin amaitzea, osasun protokolo eraginkorrak, euskaraz ikasteko aukera, ikasleen hitzari jaramon egitea eskatu dute. Laster helduko sen azterketa garaiaz ere mintzatu dira, gaur egungo ereduak ikasleak beraien bizitzak albo batera utzi eta edukia buruz ikastera behar dituela salatuz.

Bihartik aurrera ere kalean egongo direla adierazi dute, ikasleen eskubideen defentsan eta Euskal Herriarentzako zerbitzu publiko indartsu eta kalitatezkoen alde. Bihar bertan EAEko zerbitzu publikoko langileek deitutako mobilizazioetan egongo direla adierazi dute.

https://twitter.com/IkasleriaMartxa/status/1384831197113683970?s=20https://twitter.com/IkasleriaMartxa/status/1384831197113683970?s=20

Bihar ere mobilizazioak

EAEko zerbitzu publikoetan greba eguna deitu dute bihar ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte mobilizazioak, 11:30etan. Era berean, Ikasle Abertzaleakek ere mobilizazioak deitu ditu bihar EAEko hiriburuetan, hezkuntza publikoaren egoera salatu eta doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den hezkuntza aldarrikatzeko.