argia.eus
INPRIMATU
Nazien kontra egitea “gorroto delitu” izan daiteke Espainiako Estatuko Fiskaltzaren arabera
  • Espainiako Estatuko Fiskaltzak zirkularra argitaratu du gorroto delituak epaitzeko irizpideak emanez. Nazismoaren aurka gorrotoa sustatzea gorroto delitua izan daitekeela adierazi du.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 22a
Espainiako Estatuko Fiskaltzaren zirkularraren zati bat.

Espainiako Estatuan Zigor Kodearen 510. artikuluak arautzen ditu gorroto delituak 2015 urteaz geroztik. Maiatzaren 16an Espainiako Estatuko Fiskaltzak zirkularra argitaratu du, artikulu horretan tipifikatzen diren “gorroto delituak interpretatzeko irizpideak” emanez. Fiskaltzaren arabera, ideologia nazia duen pertsona baten aurkako erasoa “edo kolektibo horri zuzendutako gorrotoa sustatzea, delitu mota horien barnean” kokatu daiteke.

Zirkularrak alarmak piztu ditu. Jueces para la Democracia elkarteko Ignacio Gonzalez Vega epaileak, elkartearen kontrakotasuna adierazi du: “Ez da ari soilik kolektibo honi eraso egiteaz, edo haren aurkako delituen apologiaz, baizik eta gorrotoa sustatzeaz”. Auschwitzeko kontzentrazio esparrutik bizirik irten ziren zenbait pertsonaren testigantzak delitu moduan hartzea ekar lezake interpretazio horrek, Gonzalezen arabera.

Drets elkarteak –Kataluniako zuzenbide arloko profesionalek osatutako elkartea– harridura agertu du: “Nazien aurkako gorrotoa sustatzea delitua da! Katalanofobia kasuak artxibatzen dituzten bitartean, antifaxistak inputatzeko prestatzen dira”.

Gorroto delituen inguruko 510. artikulua polemika askoren iturburu izan da azken urteetan. Jendarteko talde “zaurgarriak edo minoritarioak” babesteko helburuarekin jaio zen figura juridikoa, ustez. Baina urteotan, besteak beste, txiolariak, manifestariak edo El Jueves aldizkari satirikoa auziperatu dituzte gorroto delituak leporatuta; politikarien, poliziaren edo erregearen aurka azaltzeagatik.