Pe a Corsica alderdiak irabazi ditu Korsikako lehen itzuliko hauteskundeak. Botoen %45a eskuratuta, hirukoiztu egin dute bigarren izan diren eskuin erregionalistei ateratako aldea. Bigarren itzulia abenduaren 10ean izango da.
Datorren igandean gertatuko dena ikusteko badago ere, litekeena da koalizio nazionalistak izatea gehiengo zabala Korsikako Asanblean. Izan ere alderdi independentista prest legoke alderdi nazionalistari babesa emateko. Bien artean botoen %52 lortuko lukete, Gobernua osatzeko gehiengoa. Jean Guy Talamoni koaliziokideak berriro ere euren aldeko botoa eskatu die korsikarrei: “Gai batzuen inguruan negoziatzeko legitimazioa lortzea da helburua: gure hizkuntzaren koofizialtasuna, egoiliarren estatusa edo amnistia, besteak beste”.
Bigarren eskuin erregionalistak izan dira, botoen %14,97 lortuta. Horien ostean Valerie Bozziren Errepublikanoak eta Eliseoarekin lerrokatuta dagoen Errepublika Martxan izan dira, botoen %12,77 eta %11,26 eskuratuta, hurrenez hurren. U Rinnovu alderdi independentistak %6,69 lortu ditu eta Alderdi Komunistak %5.68. Azken hau hemiziklotik kanpo geratuko da, 1982az geroztik lehen aldiz. Fronte Nazionala izan da babes gutxien jaso duen alderdia.
Parte hartzea % 52,17koa izan da, 2015ekoa baino zazpi puntu txikiagoa.