argia.eus
INPRIMATU
Nazionalismo kontraesankorra

Joanes Tovar Torres 2022ko urriaren 14a

Urriak 8 eta 9-ko asteburuan espainiako eskuin muturraren ospakizunaren testigu izan ginen. Hispanitasunaren eguna zela eta Vox alderdiak “Viva22” ekitaldia prestatu zuen Alcobendaseko Mad Cool gunean. Bilera horrek izan duen parte-hartzearen inguruan hainbat interpretazio egin dira; eskuin muturrak, nola ez, poztasun harroputza erakutsi du 30.000 lagun gerturatu direla ikusita, izan ere, ia 90 urte igaro dira eskuin muturrak hainbeste jarraitzaile izan zituenetik. Prentsak eta egunkariek edukieraren %10 baino ez dela bete azpimarratu dute ekitaldiaren porrota agerian uzteko umore kutsua duten aritukuluekin. Beste batzuok, ordea, ez dugu motiborik ezer ospatzeko ezta barre egiteko ere, inondik inora ere, ikusitako ikuskizun latzgarriak arrangura eta atsekabea baino ez baitigu sortzen.

Urtero-urtero garai honetan Hispanotasunaren egunari egiten zaizkion kritikak agortuak iruditzen zaizkit. Horregatik, ziurtzat joko ditut duela 530 urte emandakoa sekulako sarraskia izan zela eta Amerikak ez zuela inoren “aurkikuntzaren” beharrik, ezta aurkikuntzaz geroztik egon ziren “berrrikuntza” guztien beharrik ere. Nire ustez egun hauetan agerian geratzen dira Espainiako eskuinaren hipokresia eta zenbait kontraesan, hain zuzen ere nazioa eta nazionalismoari dagozkionak. Hispanotasunaren eguna, zioten Madrilen bildu zirenak, aberriarekiko harrotasuna ospatzeko eguna da, identitate nazionala ospatzeko eguna. Aberrikide izateagatik, espainolak izateagatik, arro sentitzeko eskubidea aldarrikatzen dute eta identitatearen garrantzia ohiukatzen dute lau haizeetara. Aldi berean, urriaren 12an askatasunaz eta nazioarekiko maitasunaz mintzo direnak, ez denak noski, periferian ageri diren nazioalismoekiko gorrotoa eta mespretxua libreki azaltzeko profitatzen dute. Bitxia da, gainera, nazionalismo hitza iseka moduan nola erabiltzen duten, beste adjektibo iraingarriago eta gogorragoen artean noski. Bitxia dela diot, hain zuzen ere nacionalismo hitza beti iseka gisa erabiltzen dutelako eta beti Euskal Herriari edo Kataluniari begira. Vox alderdiak ez luke inoiz esango asteburuan “Viva22”n ikusi ziren Espainiarekiko garrasi sutsuak, bandera, sinbologia eta komunitatearen sentimendua nazionalismoa direnik, ezta okurritu ere! Gurea, ordea, nazionalismoa da, dudarik gabe; nazionalismo separatista, independentista eta, historiak argi erakutsi dien bezala, oldarkorra gainera. Nik ikusten dudan desberdintasun bakarra da haiena estatudun nazionalismoa dela; zabalagoa, politikoki hegemonikoa eta, ondorioz, zilegizkoa. Nazionalismo estatalistaren alde bai, nazionalismo partikularista eta estatugabeen alde, inolaz ere ez. Haiek hainbeste gorroto dituzten ikurrinak, abestiak eta historia mehatxuak dira hain ahul sentitzen duten espainoltasunarentzat.

Esandakoa nahikoa kontraesankorra izango ez balitz, estatu espainolaren identitatea eta osotasuna arriskuan jartzen duten bestelako etsaiak ditu eskuin muturrak aberriko mugez bestalde. 2015etik eztanda egin zuen immigrazio krisia europako herrialdeentzako sekulako erronka izan da. Problema global horren aurrean aski jakina da eskuin muturrekoek proposatzen duten konponbidea; harresiak, fronterak eta kanporatzeak, horiek guztiak segurtasunaren izenean. Ez da kasualitatea Vox-ek bere programan “Immigrazioa eta identitate nazionala” arlo berean sailkatuta izatea. Multikulturalismoaren proiektuak porrot eginik eta agenda globalisten menpekotasunaren aurka Europa osoko eskuin muturrak herrialdeen subiranotasun politikoa eta zentralismoa berreskuratzea proposazten ditu. Beraien nazionalismoa arriskuan ikusten dutenez, etsai guztiak zapaldu eta baztertzea da eskuin muturraren bidea.

Eskuin muturreko nazionalismoak Europan izaten ari diren gorakada egoera askoz konplexuago baten sintomak baino ez dira. Egungo mundu globalizatuak eta gizarte unibertsalistak sekulako erronka dira politikaren jardunarentzat. Erronka handi hauei aurre egiteko eskuin muturrak konponbide errazak, sinpleegiak eta, ustez, eraginkorrak proposatzen ditu. Nik ez dut multikulturalismoa, globalismoa eta posmoderniak azaltzen dizkugun erronkei aurre egiteko formularik, baina argi daukat “Viva22”an ikusitako nazionalismo, chauvinista, oldarkorra eta baztertzailea ez dela konponbidea. Joxe Azurmendik dioen bezala “Nazioaren originaltasuna ez baitatza bakar-bakarturik eta bere esentzian 'garbi' bizirautean, harreman ugarienetatik elikatzen eta aberastean baizik”.

 

Joanes Tovar Torres

Filosofia, Politika eta Ekonomia ikaslea Deustuko Unibertsitatean