argia.eus
INPRIMATU
Prentsa askatasuna baldintzatzen ari da Indiako Gobernua
  • Indiako Gobernua, Narendra Modi lehen ministro nazionalista hinduaren gidaritzapean, herrialdeko komunikabideen jarduna baldintzatzen ari da, zentsura ezarriz, publizitate instituzionala moztuz edota editoreak zigortuz.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 03a
Indiako prentsa askatasunaren aldeko protesta. Argazkia: Voice of America

Indiak, herrialde anitza izaki, prentsa eskaintza handienetakoa du munduan: hamarnaka hizkuntzatan argitaratutako 12.000 egunkari, 100.000 aldizkari, 178 telebistako albistegi kate eta milioika webguna daude. Horiek guztiak Indiaren adierazle dira, askotariko ikuspuntu, hizkuntza eta erlijio kontuan hartuta landutako informazioa kaleratzen baitute.

Baina Narendra Modi presidenteak aniztasun horren aurka egin du. Bera kritikatu duten kazetariak kaleratzeko presioak egin ditu, eta hedabide independenteak finantzatzen dituzten enpresak hori ez egiteko konbentzitu ditu. Horrenbeste, ezen, Reporters Without Bordersek prentsa askatasunari buruz kaleratutako txostenean 180 herrialdetatik 140. postura jaitsi du India.

2014an eskuratu zuen boterea gaur egungo lehen ministroak, eta ordutik herrialdeko komunikabideek zentsura ezagutu dute. 2017an Gauri Lankesh Indiako egunkari irakurrienetako bateko editorea hil zuten, eta Poliziak nazionalista hinduei leporatu die hilketa. Horrez gain, emakume kazetariek bortxaketa mehatxuak jaso dituzte.

Sei urteko zentsuraren ostean, autozentsurara pasatu dira hedabide eta kazetari asko, anti-nazionalistatzat hartuko dituzten beldurrez. Atzerriko kazetariei ere, zailtasunak jarri dizkietela salatu dute, bisak lortzeko inoizko neurririk zorrotzenak ezarriz.

Dependentzia

Indiako negozio ereduak ez dio laguntzen komunikabideen egoerari. Modi gobernura heldu aurretik ere, komunikabideen finantzaketaren zati handi bat publizitate instituzionala zen. Eta finantzaketa enpresa handiek egiten dutenean ere, horiek gobernua beren alde izatea behar dute, negozioekin aurrera jarraitu ahal izateko.

Krisia sortu du horrek komunikabideetan, eta esan bezala, asko autozentsurara heldu dira. Bide hori hartu ez dutenak krisi sakonean sartu dira, eta The Indian Expressen kasuan adibidez, soldatak murriztu behar izan ditu.