Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz duela, hizkuntza zapalkuntzarekin batera.
Urtarrilaren 23an aurkeztu du liburua Julia Ojedak, liburuaren hiru editoreetako batek. Ondoan izan ditu Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Cira Crespo historialaria. Liburuaren aurkezpen ekitaldia Jakinek, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Berria-k antolatu zuten.
Màtria o barbárie liburuaren editore lanak Júlia Ojeda Caba, Anna Punsoda Ricart eta Marta Roqueta-Fernàndezek egin dituzte. Liburua 30 emakumek idatzitako gogoetek osatzen dute. Artikulugile guztiak proces independentistaren garaian eta feminismoaren laugarren olatuan politizatutako emakumeak dira.
Izenburuak biltzen du Matria eraiki nahi duten matrioten mezu nagusia. Matria eraiki behar da, “leku edo eremu hori delako aukera bakarra arduragabekeria historikoei erantzuteko, feminismotik eta nazionalismotik”. Barbarie-a marraztu du Ojedak: nazionalismo espainola, zeinak nazionalismo katalana zapaltzen duen; naziogintza oso maskulinoa eta patriarkala, feminismo gero eta espainolagoa, eta hizkuntza zapalkuntza, “ katalanaren erabilera beherantz ari da egiten”. Ojedaren ustez, “momentua da beste leku bat birpentsatzeko”. Nazionalismo katalanak eta feminismoak eskutik joan behar dutela azpimarratu du, zeren “ez batak eta ez besteak ez dute aurrera egingo elkarren babesik gabe”. Matriotismoa egitasmoaren bultzatzaileek naziogintza katalana eraiki nahi dute feminismo intersekzionalaren oinarrietatik abiatuta.
“Ez dugu ezer asmatu”
Lau parte-hartzaileetako batek esan du esaldi hori: “Ez dugu ezer asmatu”. Herrialde Katalanez eta Euskal Herriaz, biei buruz, ari ziren. Hau da, nazionalismo feminista sortzeaz baino, ikuspegi berri bat eraikitzeaz ari ziren, eta horretarako aurreko belaunaldietako emakumeei begira jarri dira. Intersekzionalitateaz hitz egiten denean sarri aipatzen den Maria Mercè Marçal poeta eta idazle katalana ekarri du gogora Ojedak, emakume katalanen herentzia aztertu eta gaurkotzea aldarrikatzen duen bitartean.
Liburua katalanez dago eta Angle argitaletxearen webgunean eros daiteke
2024ko otsailean, ARGIAn, Cira Crespok elkarrizketa egin zion Júlia Ojedari gai honi eta beste batzuei buruz: “Globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko diskurtsoak falta zaizkigu”