argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du
  • Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko azaroaren 21
Argazkian, Netanyahu eta Gallant, prentsaurreko batean.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohia atxilotzeko agindua eman du Nazioarteko Zigor Auzitegiak azaroaren 21 honetan.  Gazan gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egin izana egotzi die Hagako auzitegiak. 2023ko urriaren 8tik hasi eta, gutienez, 2024ko maiatzaren 20ra arteko epeari so egin eta ondoko krimenak zehaztu dituzte epaian: "Gosetearen gerra delitua, gizateriaren aurkako krimenak, hilketak, jazarpenak eta beste ekintza anker batzuk". Gainera, Nazioarteko Zigor Auzitegiak dio "arrazoizko argudioak" dituela adierazteko bi buruzagiek herritarren aurkako erasoak "nahita egin" zituztela. Ondokoa irakur daiteke erabakian: "Leporatutako krimenak Gazako zibilen aurkako eraso orokor eta sistematikoaren parte dira".

"Dreyfus epaiketarekin" konparatu du erabakia Netanyahuk, urratsa "antisemitistatzat" joz. Bere aldetik, Bassem Naïm Hamaseko mahai politikoko kideak ondokoa adierazi du: "Justiziarako urrats garrantzitsua da, biktimei erreparazioa lortzeko aukera eman diezaiekeena, baina apala eta sinbolikoa izaten jarraitzen du munduko herrialde guztiek erabat onartzen ez badute". Erabakia "errespetatzea eta betetzea" galdetu du bere aldetik Europako Batasunak: "Ez da erabaki politiko bat. (...) Auzitegi baten erabakia da, justizia auzitegi batena, nazioarteko justizia auzitegi batena", EBko diplomaziaburu Josep Borrellen hitzetan.

Hagako auzitegiak krimen berak egotzi dizkio Hamaseko buruzagi militar Mohamed Deifi. Israelek dio ekainean hil zuela buruzagi hori, baina Hamasek ez du inoiz hori baieztatu.