argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko presioa eskatu dute torturak eteteko Espainiako Estatuan
  • Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinadorak (TPSK) neurriak har daitezen nahi du, Espainiako Estatuan gertatzen diren tratu txar eta tortura kasuen aurrean. Espainia hegoaldeko mugako legedia errespeta dezaten, zigorrak eskatu ditu Madril eta Marokorentzat.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko azaroaren 25
TPSK: “Espainiar Estatuak ez du lanik egiten torturak saihesteko, eta ez du interesik horri amaierarik emateko”. (Arg: cadenaser.com)

Directak jaso duenez, TPSK-ko bozeramaleak, Andres García Berrio abokatuak, ezinbestekotzat jo ditu Europar Batasuneko isunak eta nazioarteko presioa, immigranteen berehalako itzulerak eta tratu txarrak eteteko.

“Espainiar Estatuak ez du lanik egiten torturak saihesteko, eta ez du interesik horri amaierarik emateko”, salatu du.

Horrez gain, inkomunikatutako atxiloketak indargabetu behar direla esan du Koordinadorak, horrelakoetan ematen direlako tortura salaketa gehien.

TPSK-ren estatu mailako bozeramaleak, Jorge del Curak, salaketa horien igoera “etengabekoa” izan dela esan du. “Koordinadora lanean jardun den hamar urteetan 6.621 tortura salaketa eta 833 zaintzapeko heriotza izan dira. Kondenak, ordea, 752 baino ez, erdiak faltak, ez delituak”.

Torturagatik kondenatutako polizia ugari indultatzen dituztela ere salatu du Del Curak.