argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko Pilota Federazioak Espainiako Federazioak egindako akusazioak gezurtatu ditu
  • Espainiako Federazioak salatu du ez zaiola parte hartzen utzi iragan asteburuko Nazioarteko Pilota Federazioaren biltzar nagusian, eta hori “bidegabekeria” dela. Biltzar hartan onartu zuten, bozketan, Euskadiko federazioa nazioartekoaren eskubide osoko kide gisa onartzea. Nazioarteko federazioak, ordea, akusazio hori “erabat faltsua” dela azaldu du, eta espainiakoak bozkatzeko aukera izan zuela.

Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 02a
Euskal Selekzioak nazioarteko txapelketetan parte hartzeko aukera izango du. Gu ere bai

Nazioarteko Pilota Federazioak (FIPV) Espainiako Pilota Federazioak egindako akusazioak gezurtatu ditu urtarrilaren 1ean kaleratutako agiri batean. Azaldu duenez, Julián García Angulo Espainiako Federazioko Kudeaketa Batzordeko presidenteari ez zitzaion bilkurara sartzen utzi zigortuta dagoelako sare sozialetan egindako iruzkin desegokiengatik. Euskadiko Euskal Pilota Federazioa Nazioarteko Pilota Federazioaren eskubide osoko kide izatea onartu osteanGarcía Angulok Espainiako Federazioaren jarrera babesten duten herrialdeei oztopoak jarri nahi zizkietela kritikatu zuen.

FIPVren arabera, García Angulori bozkatzeko eskubidea kendu zion, baina ez Espainiako Federazioari. Izan ere, Kudeaketa Batzordeko beste hiru kidek bozkatzeko aukera zuten: Baldomero Peralta, Félix Manzanero eta Pamela Berbegalek. Hala ere, Espainiako Federazioak Jorge López aukeratu zuen ordezkari, hau da, García Anguloren iloba. Baina López ez da Kudeaketa Batzordeko kide, eta, ondorioz, ezin izan zuen bozketan parte hartu.

FIPVk gogorarazi du bozketan onartutako erabakiak gehiengo zabalez hartuak izan zirela, eta gai-ordenaren aldaketak biltzarrean ordezkatutako bi herenen oniritzia izan zuela. Euskadiko Federazioa eskubide osoko kide izatea onartzeko proposamena, esaterako, gehiengo zabalarekin babestu zuten bertaratutako federazioek. 

Nazioarteko Federazioak argi utzi nahi izan du akusazioak faltsuak direla eta gaia bukatutzat eman duela. Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari igorri dio informazioa, Espainiako Gobernuak sustatutako Kirol Legearen araberako prozedura bete dadin.

Dena den, erabakia ez da definitiboa. Euskadiko federazioak berak adierazi zuen moduan, ofizialtasuna lortzeko bidean urrats handia izan zen larunbateko onarpena, "lorpen historikoa", baina gogorarazi zuen Madrilek baiezkoa eman beharko duela, eta beste federazio batzuek helegiteak jar ditzaketela.