argia.eus
INPRIMATU
“Nazioarteko komunitateak errefuxiatuen krisiari ematen dion erantzuna porrot lotsagarria da”
  • Ekainaren 20an errefuxiatuen aldeko eguna dela eta txostena kaleratu du Amnistia Internazionalek (AI). Mende hasieratik Europak etorkinen krisi latzena bizi duela salatu du eta herrialdeei konpromisoak eskatu dizkie.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko ekainaren 16a
Europak etorkinen daukan krisia jasanezina dela salatu du AIk (Argazkia: Amnistia Internazionala)

AIk errefuxiatuei ematen zaien babesa indartzeko proposamen bat  aurkeztu du. Zehazki, datozen lau urteetan babesa behar duten milioi bat errefuxiatu birkokatzea eskatzen die herrialdeei, baita NBEko Errefuxiatuen Hitzarmenaren berrespena ere. Honez gain, herrialdeei pertsonen trafikatzaileen aurkako neurri eraginkorrak hartzeko ohartarazi die. Erakundearen ustetan, ”errefuxiatuen krisia XXI. mendeko erronka nagusienetakoa da baina nazioarteko komunitatearen  erantzuna porrot lotsagarria da”. Honi aurre egiteko “politikaren erreforma erradikal bat behar da”.

Mediterraneoko itsasbidea Europara iristeko arriskutsuena dela jakitera eman dute.  2014. urtean Europara iristeko saiakera egin zuten 219.000 pertsonetatik 3.500 hil egin ziren. Europear Batasunak Lampedusako hondoratzearen ondoren Mare Nostrum  operazioa  bertan behera uztea ere gaitzetsi dute.  Itsas laguntza honek 166.000 etorkin erreskatatu zituen.

Siria: Munduko errefuxiatu krisi latzena

AIk esan du Siriako gerra hasi zenetik lau milioi pertsonek herrialdea utzi behar izan dutela. %95 Turkia, Libano, Jordania, Irak eta Egipton daude. Beste 7,5 milioi inguruk herrialde barnean emigratu behar izan dute.  Giza eskubideen aldeko erakundeak gaineratu duenez, “egoera  eramangaitza da, non bost herrialde hauek etorkinen sarrera galarazten ari diren” eta “errefuxiatuak beraien jatorrizko herrialdetara kanporatzen ari diren”.