Hegoafrikaren izenean, sei abokatu aritu dira elkarren artean ongi harilkaturiko alegatua osatzen urtarrilaren 11ko goizean, Nazioarteko Justizia Auzitegian, Israelek Gazan buruturiko erasoek genozidio izaera dutela frogatu nahian. Gazako sarraskiari buruzko datu anitz, zenbait argazki eta bideo, Israelen ordezkarien adierazpen parrasta, Nazio Batuen Erakundearen oharrak zein Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Itunari egindako erreferentzia xeheak... hiru orduz argitu nahi izan dute genozidioa dela Israelek Gazan buruturikoa.
Abokatuak aitzin hitz egin du Hegoafrikako Justizia ministro Ronald Ramolak eta Israelen jarrera historian kokatu du: "Palestinaren aurkako indarkeria eta suntsiketa ez ziren 2023ko urriaren 7an hasi; badira 76 urte palestinarrek zapalkuntza eta indarkeria sistematikoa pairatzen dituztela". Nelson Mandelaren hitzak oroitaraziz zehaztu ditu auziaren nondik-norakoak: Palestina herriari eskua luzatuta, osoki kontziente gara gizateria bakar baten parte garela". Ideia horri heldu dio Hegoafrikak Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Ituna izenpetu Apartheid-aren biharamunetan eta hortik tiraka jarri dute Israelen aurkako salaketa Nazioarteko Justizia Auzitegian. Funtsean, Israelek ere izenpeturik du 1948an, Bigarren Mundu Gerrako Holokaustoaren biharamunean idatzitako ituna.
Adila Hassim abokatak hartu du lehenik hitza, Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Itunaren 2. artikuluan oinarrituta. Israelek Gazako Zerrendan –"1967az geroztik okupaturiko Palestinan"– buruturiko erasoen kutsu "sistematikoak" genozidio izaera osatzen duela dio. Hori horrela, eta jakinez urteak pasako direla genozidioari buruzko ebazpena jakin aitzin, berehalakoan Israelen erasoak geldiaraztea nahi du Hegoafrikak. Horra Hassimen hitzen pasarte bat:
"Azken 96 egunetan, gerra modernoaren historiako bonbardaketa bortitzenaren pean dauka Gaza Israelek. Itsasotik, airetik eta lurretik bideratu bonba azpian daude Gazako palestinarrak. Gosetea, deshidratazioa eta eritasunak –hots, heriotza– ere ate joka dauzkate, eta hori Israelek antolaturiko setioagatik da, hiriak suntsiturik dituztelako eta eskasegia den laguntza apurra ez zaielako iristen... hain zuzen bonbardaketengatik. Bizitza bermatzeko oinarrizko osagaiak ez dituzte eskura".
"Azken 96 egunetan, gerra modernoaren historiako bonbardaketa bortitzenaren pean dauka Gaza Israelek"
Adila Hassim
Tembeka Ngcukaitobi abokatak, berriz, genozidioa bideratzeko Israelen "intentzioa" frogatu du, Israelgo ordezkari andanaren adierazpenak plazaratuta. Besteak beste, Benjamin Netanyahu Lehen ministroaren adierazpenak –"Hamas infiltratu da komunitateetean eta horiek desagerrarazten hasi da [urriaren 7an] Israel"–. Israelek Hamas bakarrik ez, baina "palestinar herri osoa suntsitzeko" daukan asmoa frogatzen aritu da. Palestinarren heriotzaren parean, Israelen soldaduen poza eta harrotasuna ere aipatu ditu, bideo batzuk jarriz adibidetzat. Horrela bukatu du hitz hartzea: "Israelengatik da heriotza- eta etsipen-lurralde bihurtua Gaza. (...) Gaza eta bere herritarrak suntsitzeko intentzioa argia da eta Israelen politikan erroturik da. (…) Afera honen berezitasuna ez dago isiltasunean, alderantziz, genozidioaren aldeko diskurtsoa behin eta berriz errepikatzean dago, eta hori Israelgo Estatuaren esfera guztietatik".
"Hegoafrikako eta Israeleko herriek sufrimenduaren historia dute komunean eta estatu bakoitzak Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Ituna izenpeturik du, hain zuzen, giza sufrimendu horren bukaerara ailegatzeko". Hitz horiek erranda hasi du bere hitz hartzea John Dugard abokatak. Nazioarteko Justizia Auzitegira jotzeko hautua azaldu nahian. Auzitegira jo aitzin, Hegoafrikak beste bide batzuk hartu dituela argitu du: urriaren 7az geroztik Israelek Gazan buruturikoa genozidioa dela ohartarazten aritu da, baina Israelek inoiz ez dio erantzun eta okerrago, gezurtatu ere egin du akusazioa. Hegoafrikak elkarrizketarako bideak proposatu dizkio Israeli, baina azken honek inoiz ez dio baiezkorik eman. Horregatik, bi estatuen arteko desadostasuna dela eta, jo du Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegira, Ituneko 9. artikuluak ahalbideturik.
"Historiako lehen genozidioa da zeinetan biktimek beren hondamena zuzenean erakusten diguten, munduak zerbait eginen duenaren esperantzarekin, oraingoz alferrikakoa den esperantzarekin"
Blinne Ni Ghralaigh
Palestinarren eskubideen urraketetan zentratu da Max du Plessis abokata, berehalakoan hartu beharreko neurrien –Israelen erasoen bukaera– premia azaltzeko. Oinarrizko eskubideen urraketa eta genozidio arriskua xeheki azaldurik, Israelen –"okupatzailearen"– jarrera deitoratu du gogorki: "Legea baino gorago eta legetik at dagoela uste du Israelek"; "nazioarteko legedia sakonki mespretxatzen ari da Israel". Israeleko Gobernuaren intentzioak azpimarratu ditu: "Israelgo arduradunen eta soldaduen adierazpenetan dauzkagu genozidio intentzio horren frogak".
Argiki hitz egin du Plessisek: "Hitzarmenak alde guztiak behartzen ditu genozidio oro prebenitzera eta zigortzera, baita herritar talde ororen babesa betetzera ere. Hitzarmenaren eta eskubideen urraketa oro epaitu behar da. Hori ez balitz gertatzen, orduan erran nahi luke palestinarrei duintasun txikiago bideratzen zaiela, Auzitegiak ez dituela bere eskumenak betetzen, bere jurisprudentziari bizkarra erakusten diola eta Gazan gertaturiko giza eskubideen urraketen aitzinean begiak ixten dituela".
Blinne Ni Ghralaigh abokatak Gazako errealitatea gordinki aurkeztu du, datu bidez deskribatuz Gazako herritarren eguneroko makabroa. Hori horrela, Israelen erasoa berehala gelditzeko neurria eskatu du berak ere: "Berehalako heriotza, kalte eta suntsiketa arriskua dela eta, behartzen gaitu horretara. Auzitegiaren fama, gaitasuna eta berdintasunean herritar oro babesteko nahikeria dago jokoan".
Gogor hitz egin du nazioarteko agintarien "gelditasunari" buruz: "Nazioarteak ez ditu kontuan hartu 2023aren urriaren 19az geroztik nazioarteko aditu batzuk plazaratu palestinarren genozidio arriskuaren abisuak. Nazioarteko komunitateak huts egin du, palestinarrei begira ez ditu bere betebeharrak betetzen –nahiz eta Israeleko ordezkarien genozidio adierazpenak eta Israelgo armadaren erasoak hor izan"–.
Ondoko ideiarekin bukatu du bere hitz hartzea: "Gazan gertatzen dena telefono, ordenagailu edo telebista bidez zuzenean ikusten duen lekukoak gara. Historiako lehen genozidioa da zeinetan biktimek beren hondamena zuzenean erakusten diguten, munduak zerbait eginen duenaren esperantzarekin, oraingoz alferrikakoa den esperantzarekin. Gurutze Gorriak dioen gisara, 'moralezko hutsegitea' da Gaza. NBEko arduradunek azpimarratu duten gisara, hutsegite horrek ondorioak ditu Gazako herrian baita datozen belaunaldietan ere, inoiz ez dituztelako ahantziko 90 egunez gora pairaturiko infernua eta gizateriaren oinarrizko printzipioen urraketak".
"Ez du balio erratea zibilak saihesteko ahal duena egiten duela Israelek... Errealitateak kontatzen digu Israelek kontatzen digunaren aurkakoa"
Vaughan Lowe
Vaughan Lowe abokata izan da hitza hartzen azkena. "Ez du balio erratea zibilak saihesteko ahal duena egiten duela Israelek... etengabeko bonbardaketek erakusten digute ez dela horrela. Errealitateak kontatzen digu Israelek kontatzen digunaren aurkakoa".
Gaza lurralde okupatu bat dela oroitarazirik, ondokoa ere zehaztu du abokatak: Nazio Batuen Legediako 51. artikuluak dakarren defentsa legitimorako eskubidea ezin daiteke gauzatu, hain zuzen, lurralde okupatua delako Gaza. Beste ideia garrantzitsu bat ere xeheki azaldu du Lowek: "Ezerk ez dezake justifikatu genozidioa". Hamasen urriaren 7ko erasoa salatu arren, argi utzi du munduan eta legedian ezerk ez dezakeela genozidio bat justifikatu.
Herbehereetan Hegoafrikako enbaxadore Vusimuzi Madonsela-k hartu du azkenik hitza, Nazioarteko Justizia Auzitegiari eta Israeli Hegoafrikak galdetzen diena bederatzi puntutan laburbilduz. Israelen operazio militarren bukaera, laguntza humanitarioa ez trabatzeko deia Israeli, genozidioa gelditzeko/saihesteko neurrien gauzapena, genozidioari buruzko ikerketa ez trabatzeko deia Israeli –besteak beste, frogak ez desagerrarazteko manua–, horra zer eskatzen duen Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegitik.
Urtarrilaren 12 honetan du Israelek bere alegatua.