argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko Justizia Auzitegiak Rafah-ko oldarraldia eteteko agindu dio Israeli
  • Rafah eta Egipto arteko igarobidea irekitzeko ere agindu dio, laguntza humanitarioa sartu dadin. NBEko ikertzaileei sarbidea bermatu beharko die, eta hilabeteko epean epaitegira itzuli beharko du Israelek. Adituen arabera, sionistek ez dute agindua beteko.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 24a
Khan Junis, Israelgo armada Rafah-n sartu aurretik eta ostean (maiatzak 4 eta maiatzak 15). Argazkiak: Maxar Technologies

Hegoafrikak abiatutako genozidioari buruzko epaiketan, behin-behineko neurriak gogortu ditu Nazioarteko Justizia Auzitegiak (NJA). Israel Rafah-n egiten ari den erasoak eteteko agindu dio. Duela bi aste sartu zen armada sionista Rafah-n, ehundaka pertsona hil ditu eta hiriko zonalde handiak suntsitu ditu. 900.000 palestinar baino gehiagok ihes egin behar izan dute hiriti, ordura arte “zonalde segurua” izandako lekutik, eta are egoera zaurgarriagoan gelditu da biztanleria, lehendik suntsituta dauden iparraldeko zonaldeetara ihesean doazela.

Agindu ugari eman dizkio Israeli NJAk. Neurri nagusia izan da Rafah-ko operazioa etetea, baina Rafah-ren eta Egiptoren arteko igarobidea zabaltzeko ere agindu dio, duela bi astetik kontrolpean eta itxita duena Israelek. Laguntza humanitarioa sartzeko neurri horretaz gain, Gazan genozidio auziagatik ikerketak egitera doazen taldeei sarrera bermatu beharko die Israelek, NJAren esanetan. Hilabeteko epean epaileen aurrera itzuli beharko dute sionistek, agindu hauek nola bete dituzten aztertzeko.

NJAren aginduak lotesleak dira legez, baina praktikan auzitegiak ez dauka neurriak betearazteko tresnarik. Al Jazeerak aipatutako adituen arabera, ez da espero Israelek agindua beteko duenik. Auzitegiaren behin-behineko neurriak iragarri osteko orduetan bonbardaketa gehiago egin dituzte sionistek Rafah-n.

Justizia Auzitegiko presidente Nawaf Salamek esan du Rafah-ko egoera are okerragoa dela martxoan auzitegiak eman zuen azken agindutik. Orduan agindu zion Israeli ez egiteko genozidioaren aurkako hitzarmenean sar zitekeen ekintzarik, baina ez zuen neurri zehatzik eskatu. Sionisten tankeek Rafah hego-ekialdea hartu dute, eta aurrera jarraitzen dute hiriaren mendebaldeko zonalde oso populatuetarantz. Israelek urriaren 7tik 35.800 pertsona hil eta 80.011 zauritu ditu gutxienez, Gazako osasun zerbitzuek salatu dutenez.