Europar abokatu talde baten eskariz Europar Batasuna (EB) eta estatu-kideak ikertzen ari da Hagako nazioarteko auzitegia.
245 orrialdetako txostena aurkeztu zuen astelehenean Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian europako abokatu talde batek. Bertan Europar Batasunak eta estatu-kideek azken bost urteetan migrazioaren alorrean izan dituzten politikak salatu dituzte. EBk zuzenean migratzaileekiko krimenak egin ez dituztela onartu arren, txostenean diote guztiz kontzienteki lagundu dutela milaka migratzaileren heriotzan eta kanporaketetan. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren oinarria den 1998ko Erromako Estatutuan politika hauek krimentzat jasotzen direla diote abokatuek txostenean.
Txosten honetan azaltzen diren akusazioengatik galdetzerakoan, zorrotz erantzun zuen Europako Batzordeak bozeramaile baten bitartez: “Gure ekintza guztiak europar eta nazioarteko legedian oinarritzen dira. Gure lehentasuna beti izan da, eta izango da, bizitzak salbatzea eta migratzaileen tratu duina” adierazi zuen bozeramaileak astelehenean emandako prentsaurreko batean. Nahiz eta galderei erantzun, Europako Batzordeak ez die akusazio zuzenei erantzun justifikaturik eman.
Salaketak bide judizialean aurrera egin dezan, Fiskaltzak aurretiazko azterketa bat egingo duen ala ez erabaki behar du.
Libiarekiko elkarlana erdigunean
Abokatu taldearentzat Europar Batasunak Libiarekin duen kooperazioa da EBak migratzaileekiko duen jarrera kriminaltzat jotzeko arrazoi nagusia. Izan ere, publikaturiko txostenean argi utzi dute Europar Batasunak migratzaile asko libiarren eskuetara bidaltzen jarraitzen duela. Nazioarteko Justizia Auzitegiak aurreko auzi batean jada baieztatu zuen Libiako atxilotze-zentroetan gizateriaren aurkako krimenak egiten zirela, eta epai horren ondoren Europar Batasunak migratzaileak libiarren eskuetan uzten jarraitu du.
2014 eta 2017 artean Mediterraneoko uretan 14.500 pertsona hil dira. 2016 eta 2018 artean, berriz, 40.000 lagun lekualdatu ziren Libiako atxilotze- eta tortura-zentroetara.