argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko inprobisatzaileak Euskal Herrian izango dira urrian
  • Euskal Herriko zenbait txokotan, bertako bertsolariekin batera jardungo dute kantuan Tomasita Quiala kubatarrak eta Aracelli Arguello argentinarrak.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko irailaren 18a
Iruñean egin da egitasmoaren aurkezpena.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak antolatu dute inprobisatzaileen bira eta urriaren 9tik 14ra bitartean plazaz plaza jardungo dute kantuan. Julio Soto bertsolariak, Iruñeko Udaleko Kultur kontseilaria den Maider Belokik eta Iruñeko Udaleko euskara teknikari Iñaki Azkonak aurkeztu dute egitasmoa.

Urriaren 9an emango diote hasiera Iruñean eta urriaren 14ra bitartean, herriz herri ibiliko dira kantuak: Erandion, Hernanin, Gasteizen, Baionan eta Donostian, hurrenez hurren. Iker Iriarte eta Maite Berriozabal izango dira inprobisatzaileekin gai-jartzaile lanetan arituko direnak.

Sotok adierazi du, “oso polita” dela Euskal Herrira bi emakume inprobisatzaile ekartzea. “Euskal Herrian ez dira urte asko emakumearen presentzia plazetan hutsaren hurrengoa zela, eta, zorionez, gaur egun emakume bertsolari asko dabiltza. Bada, Euskal Herritik kanpo ere gauza bera gertatzen da; horregatik, bira hau ederra izango da alde horretatik”. Bertsolariak eta Kultur kontseilariak gaineratu dute, egitasmoa guztiz baliagarria izango dela kantu inprobisatuak kultura askotan barneratuta daudela ikusteko.

Quiala erreferentea da Kuban, inprobisazio lanetan hasi zen lehen emakumeetako bat delako. Arguellok aldiz, 23 urte ditu eta txikitatik kantatzen du.

Aurtengo ez da nazioarteko inprobisatzaileak Euskal Herrira datozen lehen aldia. 2016an ere, Europa bat-batean topaketak antolatu zituzten Donostian eta bertan hartu zuten parte Austriako, Galeseko, Herrialde Katalanetako, Kubako, Mexikoko, Zipreko eta Euskal Herriko ordezkariek.