argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko ikastetxe “gutxiegi” daudela kexatu dira Iberdrola, CAF eta Snap-On
  • "Euskadik arazoa du talentua erakartzeko", esan dute hainbat enpresarik astelehenean, Confebask patronalaren urteurren ekitaldian. Atzerriko langile prestuei, antza, ez zaie helmuga hain erakargarria iruditzen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, ingelesezko, frantsesezko eta alemanezko ikastetxe "gutxi" daudelako.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urriaren 10

Confebask patronalaren 40 urteurrenaren ekitaldian, hainbat jardueren artean, zenbait enpresarik hitza hartu dute. Isabel Busto Confebaskeko presidente ohiak gidatu duen mahai inguruan, Mario Ruiz-Tagle –Iberdrolaren zuzendari exekutiboa–, Andrés Arrizkorreta –CAFen presidentea– eta Jesús Arregui enpresariek hartu dute parte. Snap-On multinazional amerikarraren Europako egoitza Gasteizen dago, eta bertako presidente ordea da Arregui.

Hiru enpresarien diagnostikoaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari asko kostatzen zaie talentua erakartzea, besteak beste nazioarteko ikastetxe "gutxi" daudelako. Talentudun atzerritar langileek estantzia tenporalak egiten dituzte hainbat lekutan, eta horietara familia eramatea "asko baloratzen dute", aipaturiko enpresarien arabera. Ingelesezko, frantsesezko eta alemanezko ikastetxeak falta direla azpimarratu dute.

"Bizkaia soilik salbatzen da", esan du Snap-On multinazionaleko Arreguik: "Araban eta Gipuzkoan kasik ez dago eskaintzarik". Iberdrolako Ruiz-Taglek uste du arazoa "larriagotu" daitekeela: "Talentua erakartzeko politikak falta dira, oinarrizkoak behar lukete izan. Dagoeneko beharra bistaratzen ari da".

CAFeko presidente Arrizkorretak, bestalde, beste "gabezia" bat aipatu du, Abiadura Handiko Trena: "Urte asko eramaten dizkigute hainbat proiektuk eta eraikuntza handik. Urgentziaz behar ditugu. Behingoagatik konektatu gaitezen Europarekin, Arku Atlantikoarekin eta Mesetarekin".

Confebask: "Gizartearen aitortza handiagoa merezi dute enpresariek"

40. urte bete dituela ospatu du Confebaskek. Astelehenean egin dute ekitaldia Bilboko Guggenheimen, eta besteak beste han izan dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Bizkaiko eta Bilboko instituzioetako ordezkariak eta Espainiako enpresarien elkarteko Antonio Garamendi. Espainiako errege Felipe Borboikoa ere egon da ekitaldian. Laurehun inguru lagun gonbidatu dituzte ekitaldira.

40 urteak "gogorrak" izan direla nabarmendu du Confebaskeko presidente berri Tamara Yagüek, eta uste du gizarteak ez diela enpresariei behar bezalako aitortzarik eskaini: "Ziur gaude enpresarien zereginak, haien lanak eta konpromisoak gaur egun dugun baino onarpen sozial handiagoa merezi dutela". Confebasken konfederazioan egon direnei bere esker ona adierazi die Yagüek, bereziki "terrorismoaren urte amaiezinetan" ardurak izan zituztenei. CEOE Espainiako enpresarien elkarteko presidente Antonio Garamendik ere hitz egin du gaiaren inguruan: "Komenigarria litzateke norbaitek barkamena eskatzea orduan gertatu zenagatik".

Garamendi, bide batez, egungo egoerari begira ere jarri da. Enpresarien jarduna txalotu du, "elkarrizketaren aldekoak" direlako, eta jomugan jarri ditu sindikatu eta langileen hainbat jarrera, haien partetik ez omen dagoelako elkarrizketaren aldeko giro hori. "Hemen, Euskadin, Estatuko grebarik handienak daude, eta ez dut uste hori harro egoteko modukoa denik".