argia.eus
INPRIMATU
Dakotako oliobide proiektutik finantzazioa kentzeko eskatu diote BBVAri
  • Espainiako Ekologistak Martxan taldeak eta AEBetako hainbat mugimenduk bat egin dute apirilaren 25ean sare sozialen bidez BBVAri eskatzeko Dakota Accces Pipeline oliobide proiektuari finantzazioa ken diezaiola. Barack Obamak oliobidearen eraikuntza geldiarazi zuen 2016ko abenduan, Sioux herriak eta hainbat estatubatuar talde ekologistak Standing Rocken egindako borrokaren ondorioz, baina Donald Trumpen administrazioak berriro ipini du abian.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko apirilaren 25a
Dakotako oliobidearen aurkako protesta bat, AEBetan.

Ekologistak Martxanek azaldu duenez, joan den otsailaren 2an 700.00 sinadura eraman zituzten BBVAk Madrilen dituen bulegoetara, Dakota Acces Pipelinen egindako inbertsioa atzera bota dezan antolatutako nazioarteko kanpainaren barruan. Bankuak erantzunik eman ez duela-eta, taldeak presio kanpaina antolatu du, AEBetako hainbat talderekin batera.

Talde horiek Resistance izen kolektiboaren inguruan dihardute eta, hain zuzen ere, Donald Trumpek garaipenarib erantzunez sortutakoak dira. AEBetan ez ezik, beste herrialde batzuetan bizi diren estatubatuarrez osatutako talde asko ere agertu dira.

Ekologistak Martxanen arabera, proiektuaren finantzazioren aurkako kanpainak emaitzarik izan du orain arte. Esaterako, ING holandarrak, DNB norvegiarrak eta BNP frantziarrak kendu egin dute Dakota oliobiderako emanda zuten finantzazioa. “BBVAk ez du oraingoz bide bera hartu”, salatu dute ekologistek; “Sioux leinuko ordezkariekin bildu direla diote, baina oraingoz ez dute aditzera eman bilera hartan zertaz hitz egin zen”. Orduan hitz egindakoaren berri eman dezan eskatzea da sare sozialen bitartez abiarazitako kanpainaren beste eskarietako bat.

Twitter, Youtube, Facebook eta Instagram bidez, jende ugarik proiektutik erretiratzeko eskaria egin dio banku bizkaitarrari, #BBVAdoesnotcare eta #aBBVAnoleimporta (BBVAri ez dio axola) traolak erabilita. Dakotako oliobidetik ez ezik, erregai fosilak sustatzen dituzten gainerako proiektuetatik ere finantzazioa kentzeko galdatu dute.

BBVA da Dakota Acces Pipelineri dirua ematen dion 32 finantza erakundeetako bat. Proiektuak siouxen erresistentzia eragin du batik bat, haien lur sakratuak zatitzen dituelako eta ur iturriak arriskuan jartzen dituelako. Bertan borrokan dabiltzan aktibistek errepresioa jasan dute, bai poliziaren bai segurtasun zerbitzu pribatuen eskutik. Trumpen eskutik behin lanak berriro hasita, oliobidea hilabete gutxiren buruan egon liteke amaituta.