argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko garapenerako EAEko legediak ezartzen duen %0,7ko laguntza ez da betetzen ari
  • EAEko Garapenerako GKEen Koordinakundeak ekintza ikusgarria egin du Donostian, 2007an onartutako Lankidetzarako Euskal Legea betetzen ez dela salatzeko. Akrobata batek bere burua zintzilikatu du Bulebarrean, Elkartasuna, guztion garapena zioen pankarta baten alboan, GKEen lanaren zailtasuna irudikatzeko.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko martxoaren 15a

Bereziki azpimarratu dute EAEko lankidetza legeak hala ezarrita duen arren, administrazioa ez dela bere aurrekontuaren %0,7 nazioarteko garapenerako bideratzen ari. Zabaldu dituzten datuen arabera, bai Eusko Jaurlaritzak, bai EAEko aldundiek, bai hiru hiriburuetako udalek portzentaje horretatik beherako kopuruak erabiltzen dituzte lankidetzarako, zenbait kasutan helburutik oso urruti.

Kasu guztietan, gainera, portzentajeak jaitsi egin dira 2008tik hona, eta aipatutako zazpi erakundeetatik hirutan baino ez dute gora egin iazkoekin alderatuz. “Hainbat urtez murrizketak eta egokitzapenak egin ondoren, 2017an zenbait erakundetan aurrerapauso txikiak egin dira lankidetzako politiketan, baina politika horiek geldirik daude oraindik eta ez dago susperraldiaren arrasto argirik”, adierazi du GKEen Koordinakundeak.

Deigarritzat jo dute EAEn zerga bilketak %1,2 handitu izana eta aldiz, Jaurlaritzak lankidetzara bideratutako aurrekontuaren portzentajea %0,39koa izatea oraindik: “Aurrekontu globalak handitzen diren arren joera hori ez da lankidetzan islatzen”. %0,7ko portzentajea xede horretarako erabiltzea, legearen agindua ez ezik, “bidezkoa eta morala” ere badela nabarmendu dute GKEek, eta gogorarazi dute berriki Nazio Batuen Erakundeak helburu hori berretsi duela.