argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko Diru Funtsa pentsioei buruzko eztabaidan sartu da
  • Astearte honetan, Nazioarteko Diru Funtsak Espainiako Estatuari buruz argitaratu duen urteroko diagnostikoan, adierazi du pentsioen kopurua Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera igotzeko beste neurri batzuk ere hartu beharko liratekeela.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 03a
Christine Lagarde, NDFko zuzendaria (argazkia: MEDEF).

Ad hoc egindako prestazioen doitze batek sistemaren jasangarritasun finantzarioa arriskuan jar dezake”, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera. Horregatik, “erreforma estrukturalak” egitearen premia nabarmendu du erakundeak. Adibidez, autonomoen gutxieneko kotizazioa igotzea, gehien irabazten duten soldatapekoen kontribuzio soziala igotzea eta erretiro-adina are gehiago atzeratzea.

NDFren txostenak onartzen du 2011n eta 2013an Mariano Rajoyren gobernuek onartutako pentsioen erreformak eztabaidagarriak direla, eragin dituzten protestengatik, baina uste du urtero pentsioak KPIren arabera igotzeak ekarriko lukeela Barne Produktu Gordinaren (BPG) %3-4 inguru gehiago pentsioetara bideratzea 2050era bitartean.

Bide batez, Espainiako Estatuaren BPGaren hazkundea ez dela uste bezain handia izango adierazi du NDFk. %2,7an utzi du (uztailean %2,8koa izango zela aurreikusi zuen).

Espainiako Estatuaren zor publiko handiaz ere ohartarazi du Christine Lagarde buru duen erakundeak eta, horrekin lotuta, aurrekontuekin neurriz jokatzeko eskatu dio Pedro Sanchezen gobernuari. Gainera, krisia lehertu zenetik indarrean jarri diren lan-erreformaren ildoan sakontzearen alde agertu da NDF eta, besteak beste, soldaten igoera produktibitatearekin lotzearen alde egin du.