argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko 50 pertsona ezagunek Kataluniaren erabakitze eskubidea eta amnistia eskatu dituzte
  • Omnium Cultural elkarteak lortu ditu Dialogue for Catalonia agiriari atxikimenduak, The Washington Post eta The Guardian hedabideetan argitaratu direnak. Sinatzaileen artean daude Dilma Roussef, Gerry Adams, Yoko Ono, Joan Baez edo lau Bakearen Nobel saridun.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 04a
Bakearen Nobel Saria irabazi duten lau sinatzaileak, Omnium Cultural elkarteak zabaldutako irudi batean.

Testua gaur eman dute ezagutzera. Sinatzaileek elkarrizketa eskatu diete Espainiako eta Kataluniako agintariei, Kataluniaren bere erabakitze eskubidea gauzatu dezan. Horretarako, errepresioaren amaiera eta presoen amnistia ezinbestekotzat jo dute:

“Behean sinatzen dutenek baldintzarik gabeko elkarrizketa eskatu diete Espainiako eta Kataluniako agintariei, Kataluniako herritarrek euren etorkizun politikoa erabaki ahal izateko irtenbide politiko bat aurkitzeko. Elkarrizketa arrakastatsua izan dadin, errepresioak amaitu egin behar du, eta errepresaliatuentzako amnistia beharrezkoa da”

Egoeraren judizializazioak “errepresio gero eta handiagoa” ekarri duela dio Dialogue for Catalonia agiriak, eta hori herritarren borondatearen aurka doala: "Katalanen gehiengo handi batek behin eta berriz adierazi du bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea demokratikoki erabiltzeko borondatea".

Sinatzaileak

Nazioarteko 50 pertsona ezagunek sinatu dute agiria, besteak beste: Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohiak, Yoko Ono artistak, Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohiak, Benn Emerson eta Michel Forst NBEren kontalari ohiek, Holger K. Nielsen Danimarkako Atzerri ministro ohiak, Clayborn Cason Esloveniako presidente ohiak, Mirta Baravalle Maiatzeko Plazako Amak elkarteko sortzaileetako batek, Alemanian exiliatutako Ai Weiwei artista txinatarrak, Clayborn Carson Martin Luther King Institutuko zuzendariak, Joan Baez kantariak, eta lau Bakearen Nobel saridun –Shirin Ebadi, Jody Williams, Mairead Corrigan eta Adolfo Perez Esquivel–.