Nafarroako Parlamentuko Gizarte Gaien Batzordeak eskatu dio Barcinaren Gobernuari, bertan behera utz dezala 2010ean abortuaren legearen kontra Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarri zuen helegitea. Jose Luis Zapatero zen orduan Espainiako presidentea eta lege hori da gaur egun indarrean dagoena.
I-Ek aurkeztu du helegitea eta alde bozkatu dute PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Geroa Baik.
Helegitearen aurka
Marisa Simon I-Eko legebiltzarkidearen ustez, helegite honek oraindik eta zentzu gutxiago du Gallardonek proposatutako abortuaren lege erreforma bertan behera geratu ondoren ondoren. Ildo berean hitz egin du Geroa Baik ere.
Samuel Caro PSNko legebiltzarkidearen hitzetan “UPN gobernuan dagoen bitartean zaila izango da abortuaren aurkako politikak aldatzea”, hark dioenez “nahiago dute emakumeei kanpora joan daitezen ordaindu, Nafarroan artatzea baino”.
Bikendi Berea Bilduko legebiltzarkidearentzat berriz, UPN alderdikeriaz jokatzen ari da: “ UPNk asmo alderdikoiak ditu, bozka kontserbadoreenak mantendu nahi ditu”.
Asun Fernandez de Garaialde Aralarreko ordezkariak uste du UPNk “aniztasuna” ulertzeko daukan moduaren erakusgarri dela.
UPN eta PP baino ez dira azaldu helegitea bere horretan mantentzearen alde.