argia.eus
INPRIMATU
Nazio marka duten seinale berriak Gipuzkoako errepideetan
  • Udalbiltzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute Euskal Herriko nazio marka errepideetako seinaleetan erabiltzeko.

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 26a
Langileak seinale berriak jartzen. Arg: Gipuzkoako F.A.

Bederatzi seinale jarri ditu Aldundiak Euskal Herriko hainbat leku esanguratsu adierazteko. Joan den uztailean Udalbiltzarekin sinatutako hitzarmenaren fruitua da. Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak eta Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak eman dute berria.

Udalbiltzak "Euskal Herriko nortasun grafiko instituzionalaren eskuliburuaren" lehenengo hiru atalak argitaratu zituen ekainean Mertxe Aizpuruak adierazi duenez. Eskuliburu horren bitartez, Euskal Herria aintzat hartzen duen nortasun grafiko bateratu bat proposatzen zaie udalei, herri bakoitzeko irudi korporatiboarekin batera erabiltzeko. Helburua nazioa identifikatuko duen marka bat bultzatzea da, eta udaletatik zabaltzea gizartearen arlo guztietara.

Udalbiltzak adierazi duenez, hainbat herritan hasiak dira marka berria erabiltzen. Aramaio, Zarautz, Hernani, Alegia, Usurbil eta Sopela, besteak beste.

Nazio marka sustatzeko udalentzat laguntza lerroa

Larraitz Ugarte diputatuak azladu duenez, Aldundiak udalentzat 15.000 euroko diru laguntza partida ezarriko du 2015ean, haien herrietan marka hori duten duen bide seinaleak jar ditzaten. Bestetik, Gipuzkoako errepide nagusietan kartelak jartzeko Aldundiak 91.500 euro bideratuko ditu, diseinua, inpresioa eta jartze lanak ordaintzeko.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak ikusi zuen Udalbiltza nazio markaren inguruan egiten ari zen lana oso interesgarria zela eta bat zetorrela Aldundiak, oro har, eta Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuak zehazki, egin nahi duen lanarekin, Euskal Herriaren nazio egitura indartzeko, herrien arteko saretzea lortzeko, euskal herritartasuna bultzatzeko eta nazioartean ezagutarazteko, eta hain zuzen horixe da hitzarmenaren helburua”, adierazi du Aldundiko ordezkariak.

Larraitz Ugartek azaldu du hitzarmenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak baimena izango du Udalbiltzak bultzatutako nazio marka hori erabiltzeko bide azpiegituretako seinaleetan. Erabilera hori bi erakundeen artean zehaztuko da, eta elkarlanerako mekanismoak ezarri dira.