Palestinar errefuxiatuei laguntzeko UNRW agentziako kideak dira hildakoak. NBEko langileen heriotza tasa altuena dela jakinarazi du agentziak. Israelek momentu oro jakin du non zeuden laguntzaile humanitarioak, eta “berariaz” egin die eraso, salatu duenez. 122 kazetari baino gehiago hil dituzte sionistek zortzi hilabetean.
“Gaza leku arriskutsuena da laguntzaile humanitarioentzako”, adierazi du UNRWAk. Urriaren 7an Gazaren aurkako azken erasoaldia hasi zenetik, UNRWAko 193 kide hil ditu Israelek eta, erakundearen arabera, historiako heriotza tasa altuena izan da.
Azken zortzi hilabeteetan maiz salatu izan du NBEak Israelek “berariaz” egin diela eraso laguntzaile humanitarioei. NBEkin lan egiten duten pertsona guztiek jakinarazten diete sionistei uneoro haien kokapena, eta bidaien ibilbideak, gatazketan lan egiteko irizpideen arabera. Hala ere, nazioarteko erakundeak ohartarazi du Israelek ez duela betetzen laguntzaile humanitarioekin daukan konpromisoa, “nazioarteko legea urratzen du beste behin ere”.
Kazetariak ere jo puntuan
NBEn arabera, urritik 122 kazetari baino gehiago hil dituzte sionistek, eta beste hainbat zauritu. Ahots deserosoak isilarazteko estrategia salatu du NBEak, eta gaitzetsi egin ditu hedabideetako langileen hilketak. 2023an mundu osoan hildako kazetarien %75 Gazan hil zen, azken hiru hilabeteetan soilik. NBEko adituek adierazi dute kazetarientzako leku “hilgarri eta arriskutsuena” bilakatu dela Palestina.