argia.eus
INPRIMATU
Nazio Batuen Erakundeak oinarrizko errenta proposatu du munduko 2.700 milioi pertsona baino gehiagorentzat
  • Pobreziaren mugaren azpitik edo horren inguruan bizi den munduko biztanleriaren herenarentzako "oinarrizko errenta bat ezartzea" eskatu du Nazio Batuen Garapen Programak.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 23a

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) berehalako oinarrizko errenta edo aldi baterako gutxieneko diru-sarrera ezartzea proposatu du ostegun honetan, pobreziaren mugatik oso gertu edo azpitik bizi diren 2.700 milioi lagunentzat. Munduko biztanleriaren heren bat baino gehiago lirateke horiek.

Nazio Batuen Garapen Programaren (NBGP) arabera, “baliabide horiei esker garapen bidean dauden herrialdeetako biztanleek berrogeialdiak eta urruntze sozialeko neurriak bete ahal izatea” omen da asmoa, aurrerantz jarraitzen duen pandemiari eusteko.

Txosten baten arabera, NBGPk kalkulatu du hilean 199.000 milioi dolarretik gora kostatuko litzatekeela oinarrizko diru-sarrera hori, eta 2.700 milioi pertsona ingururentzako izango litzateke, 132 herrialdetan. Kopuru handia den arren, “Estatuak bere gain hartzeko modukoa” dela uste du, munduak bizi duen larrialdi sanitario eta sozialaren aurrean.

Aurrekaririk gabea

"Aurrekaririk gabeko garaiek aurrekaririk gabeko neurri sozial eta ekonomikoak behar dituzte”, adierazi du NBGPk. Horregatik, munduko pertsona pobreenentzako aldi baterako oinarrizko diru-sarrera sortzea “mahai gainean dagoen aukera” dela diote. Hori ezinezkoa izan zitekeen duela hilabete batzuk ", adierazi du Achim Steiner agentziako administratzaileak.

Hainbat herrialdek ildo horretako ekintzak egitea erabaki dute dagoeneko, zenbait estatuk gutxieneko diru-sarreak onartu baitzituzten ekainean, Espainiak kasu. Bestalde, Togok esaterako, herritarren % 12ri laguntzeko programa bat jarri zuen martxan.

Beste herrialde askok, berriz, gizarte-babeseko sistemek jada eskaintzen zituzten onurak zabaltzea erabaki dute. Neurri horrek hainbat kasutan talka egiten du egoera ahulenean dauden biztanle asko sistema horietatik kanpo daudelako, hala nola, langile informalak, ordaindu gabeak edota egoera irregularrean dauden etorkinak direlako.

NBGPren proposamena krisiak irauten duen bitartean beharrak dituzten guztiak asetzeko programak dira. "Une honetan pandemian alderdi sozioekonomikoak eta sanitarioak elkartu behar direla uste dugu, eta birusaren hedapena geldiarazteko tresna baliagarria izan daitekeela", azaldu du George Gray Molina txostenaren egileetako batek prentsaurreko batean.

Gray Molinak azpimarratu zuenez, COVID-19ak indarra hartzen jarraitzen duen faktoreetako bat da langile askok beren jarduerekin jarraitu behar izaten dutela biziraun ahal izateko, eta horrela behin eta berriz kutsatzen direla. "Erreskateak eta berreskuratze planak ezin dira merkatu handietan eta negozio handietan bakarrik oinarritu. Aldi baterako oinarrizko diru-sarrera batek aukera eman liezaieke gobernuei konfinamenduan dauden pertsonei finantza-salbamendu bat emateko, tokiko ekonomietan dirua sartzeko negozio txikiei bizirauten laguntzeko eta birusaren hedapena geldiarazteko", adierazi du Steinerrek.

Kostu onargarria

NBGPk proposamena estatuentzat “onargarria” dela defendatzen du, eta horretarako zenbait formula luzatzen ditu: zenbatekoa, laguntzen iraupena (hiru, sei edo bederatzi hilabete) eta horiek ordaintzeko modua. Hala, besteak beste, pobrezia egoeran aurkitzen direnak “zaurgarritasun-lerroen gainetik” jartzeko balioko omen luketen ordainketak proposatu ditu. Saharaz hegoaldeko Afrikan edo Asiako hegoaldean, adibidez, eguneko 3,20 dolar izango lirateke. Europako eta Erdialdeko Asiako eskualdeetan, Latinoamerikan eta Karibean, aldiz, eguneko 13 dolar izango lirateke.

Herrialde bakoitzeko etxeetan bataz besteko diru-sarreren erdiaren baliokide diren transferentziak egitea da beste proposamen bat. Azterlanak, berriz, mundu osoan eguneko 5,50 dolarreko ordainketa egiteko aukera ere proposatzen du, hainbat eskualdetan pobrezia saihesteko behar diren diru-sarreren batez besteko zifra, alegia.

Diru kopuru hori ordaintzeko moduen artean, herrialdeek aurten zorra ordaintzeko erabili beharko lituzketen funtsak erabiltzeko aukera azpimarratu du NBGPk. G20ak herrialde txiroenentzako moratoria adostu zuen pandemiaren harira, eta NBEk “garapen bidean dauden ekonomia gehiagotara zabaltzeko beharra” azpimarratu izan du horren aurrean.

Halaber, “erregai fosilentzako diru-laguntzak edo gastu militarrak berrerabiltzea” proposatzen du, eta aldi berean, proiektu hori gauzatu ahal izateko “gainditu beharko liratekeen zailtasun administratibo eta politikoak” egon badaudela onartzen du.