Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak eta Palestinako banderak bistaratu dituzte. Otegik egin du hitzartze nagusia eta megafoniatik Sarri, Sarri abestia jarrita amaitu dute.
Nazioa gara lelopean, nazioarteari begirako mezua helarazi zuen Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak. Uruguaiko hauteskundeen bezpera zen, eta babesa helarazi zion Fronte Zabalari; horregatik, astelehenean prentsaurrean aterata, Otegik zorionak eman dizkio Uruguaiko ezkerrari, bost urteren ostean garaile irten baita, Pepe Mugicaren oinordeko Yamandu Orsi.
Etxera begira, eta Espainiako eta Frantziako Estatuari ere zuzenduta, "nazio auzia agenda politikoaren erdigunean" ipintzeko konpromisoa azaldu eta deia luzatu du Otegik. Datorren urtean "urratsak" egin behar direla azpimarratu du: "Estatusari buruzko eztabaidaren abiapuntua da aitortzea Euskal Herria nazioa dela eta errespetatu behar dela. Hortik aurrera egingo dugu bidea".
Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea zen manifestazioaren funtsa, baina baita "ospatzea" ere, azken urteotan "urratsak" egin direlako zentzu horretan: Iruñean alkate abertzalea egotea eta euskal presoei ezarritako zigorren zenbaketaren auzian "salbuespen-neurri bat desaktibatzea" lortu dela nabarmendu du Otegik, besteak beste.
Aurreko astean Fermin Muguruzak Martuteneko espetxean Sarri sarri abestu izanagatik sortu duten polemikaren harira, beren babesa adierazi diote musikari irundarrari eta ekitaldia amaitu dute megafoniatik abesti hori jarrita eta dantzan.