argia.eus
INPRIMATU
Nazio askapena; arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako antidoto bakarra
Xabier Lasa Arrizabalaga 2025eko martxoaren 24a

Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak migrazioaren arazo zuzenak omen dira jendartearen gehiengoarentzat.

Euskal Herriak historia garaikidean hainbat fase bizi izan ditu migrazioari dagokionean. Batez ere, bi garai egon dira bereziki lotuak migrazio prozesu esanguratsuei, non gure herriaren itxura eraldatu duten goitik behera. Biak ala biak industrializazio prozesuei lotutakoak eta landa eremutik hirirako exodoarekin lotutakoak. XIX. mende bukaerakoa lehenengoa eta bigarrena berriz, 1950eko hamarkadatik aurrera. Landa eremutik hirietara joandako euskaldunez gain, ehunka mila izan ziren garai hartan Euskal Herrira iritsitako migratuak.

Garai haietan, gaur bezala, egoera eta pentsamolde batzuk errepikatzen ziren, fenomeno “berri” horiei erantzuteko hartutako norabide erreakzionario bezala. Hala ere, egon ziren bestela jardun zuten indarrak ere. Hortik dator 1960ko hamarkadan ETAk gehiago teorizatu zuen Euskal Herrian lan eta bizi dena Euskalduna dela, betiere, bertako hizkuntza eta kultura baztertzen ez duen bitartean, edota gainontzeko herritarrak zapaltzeko asmorik ez duenean (burgesia espainol eta frantsesen edo internazionalaren parte diren horiek ez baitira Euskal Herriaren parte).

Alta, aldarri horiek atzean geratu direla ematen du. Gu eta besteen haustura, azalaren kolorearen ezberdintasunarekin batera handitzen doa egun. Arrazializatuak kanpotar bilakatu ditugu, hemen jaio badira ere, eta kanpoan jaiotakoak bertakotu ditugu gure azalaren kolorekoak badira eta frankieraz edo gazteleraz (euskara ez da hain ezinbestekoa, horregatik, ez da helduen alfabetatzearen unibertsaltasuna bermatzen) hitz egiten badute. Hain da handia haustura, non egitura politiko, sindikal eta sozialetan arrazializatuen kupoa betetzen saiatzen den progresia performatzeko. Ez dugu gutasunik, soilik “haien” eskubideak defendatzeko behar moral paternalista.

Euskal Herria hemen lan eta bizi garen pertsonok osatzen badugu, gure interesen alde borrokatzen bagara, gutasun bat sor dezakegu pentsamendu erreakzionariotik kanpo

Burgesiak eta bere aparatu instituzional, mediatiko, errepresibo eta sozial guztiak banaketa hori indartzeko daude egituratuta. Lan munduan, eskoletan edota administrazioan, banaketa hori indartzen ari dira gure artean banatzeko. Lanaren banaketa soziala azalaren kolorearen arabera ere banatzen dute, emakume langile arrazializatu askoren egoera izanik okerrena. Erreserbako gudaroste industriala betetzen duten milaka langileren patua, momentuko lan indarraren beharrei zuzenki lotuta dago. Bidasoan dugu fluxu horren ixteko giltzaren adibide garbia.

Benetako etsaiak identifikatu gabe, zaila dugu benetako gutasun bat eraikitzea. Baina horretarako, ezinbestekoa da gutasun hori praktika erreal batetik eraikitzea. Arrazakeriaren kontra, migratuen eskubideen alde edota lan baldintza eta etxebizitzaren aldeko borroka partzialek balio dezakete haien (burgesia) fronte ezberdinen aurrean erantzuteko. Baina gutasuna sortzeko burgesiaren eredu arrazistari eta atzerakoiari aurre egiteko proiektu politiko bat eraikitzea ezinbestekoa da. Bestela, aurreko krisi garaiek erakutsi diguten bezala, burgesiaren oldarraldiari irmotasunez aurre egiten ez badiogu, faxismoak hedatzeko beharrezkoak dituen osagaiak elikatuko ditugu.

Bizirauteko beharrezkoak ditugun elementuak (lana, etxebizitza, segurtasuna, hezkuntza, osasuna…) zalantzan dauden momentu honetan, bermatzeko borrokak abiarazi gabe, etsaiaren sareetan harrapatuta geratuko dira oraindik ogi papurrak eskuratzeko gaitasuna duten horiek. Gutxi horien eskubideen defentsa egiteak soilik, langileen arteko gerra zabaltzea ekartzen du, eta kanporatuak geratzen garen pertsonen kontrako erasoa biderkatu.

Euskal Herria den bezalako nazio zapaldu batean, kontraesan horiek oraindik eta modu sofistikatuagoan azaleratzen dira. Eraikuntzan dagoen nazioa izanda, bere naziotasuna erreproduzitzeko zailtasunak ugaritzen dira burgesiak langileen arteko banaketa induzitu horren harira. Proiektu nazional espainol eta frantsesak, euskal egitura nazionalen kontrako isilpeko (eta ez hain isilpeko) gerra iraunkorra darabil, identitate nazional ezberdina duten pertsonak euskal kulturaren kontrako ariete bezala erabilita. Bortxatzen gaituzten estatuen integrazio behartuak, tokiko errealitatean prozesu eratzaile horren kontra posizionatzera eramaten ditu herritar asko. Nazio-Estatu horien kontrako borrokak soilik batuko gaitu, ordea, klase borrokaren bitartez, euskal nazio baten eraikuntzaren prozesuan. Estatu burges espainol eta frantsesen nazionalismo erreakzionarioaren kontra soilik eraiki daitekeen nazioa da gure nazioa.

Euskal Herria hemen lan eta bizi garen pertsonok osatzen badugu, gure interesen alde borrokatzen bagara, gutasun bat sor dezakegu pentsamendu erreakzionariotik kanpo. Gure borroka partikularra erreakzio burgesaren kontrako borroka nazional bilakatu dezakegu. Jatorri eta azalaren koloretik haratago, gure bizimodua gure interesen alde antolatuz munduko askapen prozesuari gure aletxoa jarri ahal diogu. Baina horretarako ezinbestekoa da proiektu politiko independentista sozialistarekiko atxikimendua. Hortik bakarrik ahalko diegu aurre egin gure egunerokotasunean bizi ditugun arazoei. Gu, arrazakeriaren kontra eta euskararen alde gaude; pobreziaren kontra eta etxebizitza eskubidearen alde; jabego pribatuaren kontra eta erabilera balioaren alde; faxismoaren kontra eta Euskal Herri langilearen alde; NATOren eta Mendebaldeko herrialde inperialisten kontra eta nazio zapalduen askapen borroken alde; proiektu espainol eta frantses erreakzionarioen kontra eta Euskal Herri independente eta sozialistaren alde! Denak kabitu gaitezke bertan; ez, barkatu, zapaltzen gaituzten haiek ez!

Xabier Lasa Arrizabalaga