argia.eus
INPRIMATU
Naziek kontzentrazio zelai batean fusilatutako Anjel Lekuona gudari busturiarra omendu dute Pragan
  • 1945ean Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparru batean fusilatu zuten busturiarra, eta beste sei errepublikarrekin batera omendu dute astelehen honetan, erraustu eta lurperatu zuten Pragako hilerrian.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko apirilaren 12a
(Argazkia: Irekia)

Pragako Strasnice hilerrian omendu dute Anjel Lekuona busturiarra, 1936ko Gerran errepublikaren alde borrokatu ostean, Frantziara ihes egin eta kontzentrazio esparruetara deportatu zuten gudaria. 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten naziek. Omenaldian, beste sei lagun errepublikar ere oroitu dituzte: Enric Moner (Figueres, Girona), Pedro Raga (Ulldekona, Tarragona), Antonio Medina (Motril, Granada), Rafael Moyà (Andratx, Mallorca), Vicente Vila-Cuenca (Alberic, Valencia) eta Antonio Clemente (Vera, Almeria).

Ekitaldia Pragako Udalak eta Strasniceko hilerriko arduradunek antolatu dute, deportatuen memoriaren aldeko lantalde batekin koordinaturik. Strasnicen dago, hain justu, Hradisko kontzentrazio zelaiko biktimen memoriala.

Hradischko azpi-zelaian ez zegoen krematoriorik, eta horregatik eramaten zituzten Strasniceko hilerrira

Zelai hura, Flossenbürg kontzentrazio esparru handiagoaren parte zen. Flossenbürg 1945eko apirilaren 23an askatu zuten AEBetako soldaduek eta 65.000 preso aurkitu zituzten bertan; hainbat ikerketen arabera, aurreko hilabeteetan 14.000 lagun hil zituzten. Flossenbürgeko sare osotik baina, 100.000 preso pasa zirela uste da eta 30.000 hil zirela.

Hradisko azpi-zelaian ez zegoen krematoriorik, eta horregatik eramaten zituzten Strasniceko hilerrira. Hango krematorioko arduradun Frantisek Suchyk, nazien mehatxuari aurre egin eta erretzen zituzten gorpuen datuak hartu eta kutxa banandutan sartu zituen, bere semearekin batera. Horri esker dakigu bertan lurperaturik dagoen hainbat deportaturen izenak, tartean Anjel Lekuonarena.

Lekuonaren iloba, Anton Gandarias, Pragako ekitaldian izan da, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera, eta eskertu egin du osabaren memoria berreskuratzeko egindako ahalegina. Lekuonaren errautsak memorialean utziko dituzte, familiak Busturiako jaiotetxeko lurra eraman baitu Txekiara. Maiatzean, berriz, Busturiako Udalak eta Gogora institutuak plaka-harlauza bat jarriko dute hildakoaren udalerrian, Stolpersteine ere izenekoa –halako milaka daude biktimak gogoratuz mundu osoan–, Lekuonaren izena daramana.

Deportatuen zerrenda amaitu gabe du Gogorak

Gogorak 2020an argitaratu zuen Etxahun Galparsoro ikerlariak egindako euskal deportatuen inguruko lana, eta bertan azaltzen denez gutxienez 253 izan ziren nazien kontzentrazio zelaietara eramandako euskal herritarrak –horietatik 113 hil egin ziren, %47–.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren memoria institutuak onartu du zifra hori aldatzen joan daitekeela ikerketa berriak egin ahala. ARGIAk ikerketa argitaratu ostean ohartarazi zuen deportaturiko euskaldunen kopurua askoz handiagoa izan daitekeela –600 ingurukoa, astekari honen kalkuluen arabera– kontzentrazio esparruetara tren konboietan eraman zituzten Ipar Euskal Herriko herritarren izenak ez daudelako Aintzane Ezenarrok zuzenduriko erakundeak publiko egindako zerrendan.

Jose Mari Agirre deportatuari ere omenaldia

Berrikitan beste deportatu bati ere egin diote omenaldia, kasu honetan Euskal Herrian, Etxebarrin. Jose Mari Agirre, Etxebarriko Egixarre baserrian jaioa, 1936ko Gerran miliziano aritua eta Frantziako ihesaldian hamaika espetxealdi jasandakoa Marcelino Bilbao burkidearekin batera, Mauthaussenen izan zen 1940tik 1945era, zelai beldurgarri hartan askatu zuten arte.

Agirre 2009an hil zen Palman, eta orain, martxoaren 26an omenaldia egin dio Etxebarriko Ahaztuen Oroimena elkarteak miliziano errepublikar ohiari, hitzaldiak eta aitortza ekitaldia antolatuta.

Jose Mari Agirreri egindako omenaldi ekitaldietako bat Etxeberrian, martxoaren 6n (argazkia: Ahaztuen Oroimena)