II. Mundu Gerran naziek Euskal Herriarekin zuten lotura aztertzen duen Una Esvástica sobre el Bidasoa (Esbastika Bidasoaren gainean) dokumentala emango dute Hego Euskal Herriko hiriburuetako hainbat aretotan.
Herber Brieger zuzendari alemaniar naziak II. Mundu Gerraren harira egindako In Lande der Basken (Euskaldunen lurretan) filmeko irudiak oinarri hartuta eraiki du Una Esvástica sobre el Bidasoa Javier Andres gidoigileak.
Hitlerren militarrek Euskal Herrian izan zuten presentzia du ardatz filmak, eta euskaldunekiko sentitzen zutena. Garai politiko horren lekukotza biltzeko, Irungo herritarrak elkarrizketatu ditu. Izan ere, “esanguratsua” da herria. “Muga baino, bi erregimen totalitarioen arteko erdibideko puntua zen”, dio Andresek.
Nazien oroitzapen “txarrik” ez
“Harrituta” azaldu da elkarrizketen emaitzarekin. Dioenez, elkarrizketatuek ez dute nazien inguruko oroitzapen “txarrik”. Dokumentalaren egileek esan dutenez, naziek aliantza bilatzen zuten abertzaleekin, Europan “orden berria” ezartzeko. Horregatik behatu zuten orduko euskaldunen bizimodua.
Obran parte hartu duten historialariek naziek euskaldunekiko zuten “elkarlan nahi” horrekin lotu dute elkarrizketatuen oroitzapen “txar” eza.
Historia eta istorioak
Haria pertsonen istorioen bidez egituratzen badu ere, dokumental historikoa dela nabarmendu du Andresek. Historia “zehaztasunez” eta “zorroztasunez” islatu dutela dio.
Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten dokumentala. Orain, ostiraletik aurrera, Iruñeko, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko zinema areto banatan proiektatuko dute.
Iruñean, Itaroan; Gasteizen, Florida zineman; Donostian, Principe aretoan; eta Getxon, Gran Cinema aretoan.