argia.eus
INPRIMATU
Nawal al Saadawi hil da, XX. mendeko pentsalari feminista egiptoar ezaguna
  • Joan den mendean Egipton izan zen pentsalari feminista eta sozialista nabarmenena, Nawal al Saadawi, igande honetan hil da, 89 urte zituela, idazle gisa ibilbide oparoa egin eta emakumearen eskubideen aldeko borroka nekaezin baten ondoren.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 22a
Nawal al Saadawi: "Feminista izatea da askatasunaren alde borrokatzea". Hamada Elrasam.

Egiptoko prentsak bere heriotzaren berri eman du. Ez dute zehaztu ze gaixotasunen ondorioz hil den. Duela hamarkada bat baino gehiagotik bizi zen hiriburuko ospitale batean. 

Eldiario.es egunkariak feminista ezagunaren biografia laburra egin du. Al Saadawi 1931n jaio zen familia aberats batean, Niloren deltako Kafr Tahla herri txikian. Bertan bere pentsamendua garatzen hasi zen eta bere lehen testu feministak idatzi zituen bere ikastetxean ikasleen arteko diskriminazioa ikustean.13 urte zituela hasi zen idazten. Ohe azpian gordetzen zuen egunerokoan idazten zuen eta ez zion idazteari inoiz utzi. 80ko hamarkadan espetxeratzeak eta 90eko erbesteratzeak ez zuten lortu Al Saadawik idazten uztea.

1981ean espetxeratu zuten eta "Estatuaren aurkako krimenak" egotzi zizkioten, Anwar al Sadat presidente ohiaren erregimena eta sistema kapitalista kritikatu ondoren. Burdin sareen artean idatzi zuen bere eleberri nabarmenena: Imanaren erorketa, bertan gizonek nola erabiltzen dituzten erlijioa, politika eta morala emakumeak kontrolatzeko salatzen du. 1990eko hamarkadan Egipto utzi behar izan zuen talde islamisten heriotza-mehatxuak jaso ondoren, eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen, unibertsitateetan eskolak eman eta "sormena eta matxinada" ikasgaia sortu zuen. 2011n, iraultza piztu baino lehen itzuli zen Egiptora, Hosni Mubarak diktadore ohia boteretik kendu eta demokraziaren aldeko protestetan parte hartu zuen, eta azken urteetan bere pentsamendua zabaltzen jarraitu zuen.

Tahrir al-Mar’a, emakumeen askapena

Nawal al Saadawiri ez zitzaion feminismoa terminoa gustatzen. Feminismoa ingelesezko erreferentea izanik nahiago zuen Tahrir al-Mar’a terminoa, (emakumeen askapena esan nahi du). Emakumeen askapena herrialde edo gizarte baten askapenetik ezin dela banandu uste du: “Feminista izatea da askatasunaren alde borrokatzea, emakumeak, gizonak, pobreak, etorkinak, haurrak... Denak izan gaitezen eskubideetan parekoak”.

ARGIAn Ane Irazabalek egin zion elkarrizketa batean mendebaldeko feminismoari buruz zuen iritzia plazaratu zuen: “Niretzat ez da inoiz erreferente bat izan. Are gehiago, oso kritikoa izan naiz harekin. Nire ustez, AEBetako eta Europako feminista gehienek patriarkalismoari buruz baino ez dute hitz egiten. Ez dute kapitalismoa edo klase zapalkuntza kritikatzen. Baina zer da kapitalismoa, patriarkalismo ekonomikoa ez bada? Arazoa da feminista gehienak kapitalista hutsak direla”.

“Burua estaltzearen aurkakoa naiz, baina baita biluztasuna askatasunaren sinbolotzat jotzearen kontrakoa ere. Halere, emakume erlijioso bat burua estalita ikusten badut eta feminista dela esaten badit, aurka egingo diot. Izan ere, nola sinetsi daiteke jainko zapaltzaile batengan? Hamarkada luzez aztertu ditut Judaismoa, Islama eta Kristautasuna, munduko hiru erlijio monoteista nagusienak, eta zoritxarrez, emakumeak zapalduta mantentzeko interesa dute hirurek”, salatu zuen ARGIAk argitaratu zuen elkarrizketan.