argia.eus
INPRIMATU
Navarra TVk solasaldi politikotik kanpo utzi ditu Bildu eta Geroa Bai
  • UPN-PP, Ahal Dugu eta PSN baino ez ditu grabatuko hemizikloan bertan eginen dituen bi solasaldietako lehenengoan, abenduan diputatua lortu zutela argudiatuta.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko ekainaren 14a
Navarra TV-ren artxiboko irudia.

Nafarroako Parlamentuak bide eman dio Navarra TVk luzatutako solasaldi proposamenari: bi programa grabatu nahi ditu, eta, horietako lehenengoan, abenduan aulki bat erdietsi zuten indarrak baino ez dira egonen, hau da, UPN-PP, Ahal Dugu eta PSN.

Ez die, ordea, hitz egiteko aukerarik emanen Nafarroako Parlamentuan, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren diren Geroa Bairi (30.544 boto, Espainiako Kongresurako, abenduan) eta EH Bilduri (34.856 boto, Espainiako Kongresurako, abenduan).

'Navarra TV'ren proposamenak UPNren eta Ahal Duguren babesarekin egin zuen aurrera; EH Bilduren eta Geroa Bairen kontrako botoak ez ziren proposamena bertan behera uzteko nahikoa izan.

Ahal Duguren jarrera salatu du Adolfo Araizek (EH Bildu), "kuriosoa" da, haren aburuz, euren jokaera. Izan ere, abenduan, Iglesiasen alderdiak ordezkaririk ez zuenean, Navarra TV solasaldian sartzeko eskaera egin zuen, hala behar zuela sinetsita.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra