argia.eus
INPRIMATU
Navarra Sumak Iruñeko haur eskoletako menutik “Hemengoak” programa kenduko du
  • Iruñeko Udalak 2016an Milango Hitzarmenarekin bat egin ondoren erabaki zen Iruñeko hamar haur eskoletan jasangarritasunean oinarritutako menuen programa berria abiaraztea, Joseba Asironen alkatetza garaian.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko abenduaren 26a
Argazkia: Iruñeko Udala

Horren ondorioz, 2019an Hemengoak elikagaien programari ekin zioten, eta orain, datorren martxoaren amaieran kendu egingo du Navarra Sumak. Jasangarritasuna eta kalitatea zeuden programa berriaren oinarrian eta honakoak ziren haren ezaugarri nagusiak: elikagaiak izango dira freskoak, tokikoak, urtarokoak eta ekologikoak. Gertuko produkzioan oinarrituta, batetik, bermatzen zen haurrek kalitatezko elikagaiekin haztea, eta bestetik, ekimena onuragarria zen gertuko ekoizle nafarrentzat.

Hasiera batean 950 menu eskaintzen ziren hamar zentrotan, baina aurten 1.350 menu ematen dira Lezkairu eta Mendebalde auzoetako haur eskolak programan ekin ondoren. Elikagaien horniketarako hamabi lote osatu ziren, hamaika Nafarroakoak eta hamabigarrena arrainena, beti ere arrain freskoan oinarrituta dagoena.

Haur Eskoletako Talde Autonomoen Batzordean Navarra Sumak adierazi zuenez, jakiak hamabi lotetan banatzeak, batetik, zaildu egiten du elikagaien kudeaketa, eta bestetik, garraioa garestitzen du. Adierazi dutenez, jakien banaketa hornitzaile bakarrarekin egiten bada, garraio gastuak asko murrizten dira, eta hori da aurrera begira planteatuko duena, Iruñeko haur eskoletako menuak hornitzaile bakarra izatea. Navarra Sumak gomendatu die ekoizleei, zerbitzuarekin jarraitu nahi izatekotan, Enpresen Aldi baterako Bateratze bat egin dezatela.

Haur eskoletako komunitatea aurka

Eskoletako talde teknikoek lan handia izan zuten programan martxan jartzeko, baina eskola komunitate osan oso ongi hartu zen, eskoletatik azpimarratzen zene, egoera aproposa baitzen aldaketa globaleko eredu bat sustatzeko, eta pedagogia, elikadura, ekoizpena eta jasangarritasuna proiektu bakarrean lotzeko.

Ondorioz, orain eskola komunitateak oso gaizki hartu du Nabarra Sumaren erabakia eta iragarri dute eginahalak egingo dituztela Hemengoak jarraitu dezan. Haur Eskoletako 239 hezitzaileetatik 219k sinatu dute testu bat eskatuz Iruñeko Udalak menuen programa manten dezan. Hamabi eskoletako zuzendaritza guztiek ere eskaera bera egin dute, eta jantoki zerbitzua erabiltzen duten 952 familietatik 668 familiek (guztietatik %70 dira) gauza bera eskatu dute.

Iruñeko Udaleko haur-eskolak, Nafarroako Nekazaritzako Teknologien eta Azpiegituren Institutua (INTIA), Nafarroako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK) eta Menjadors Ecològics elkartea, sukalde ekologikoei laguntza teknikoa ematen diena, aritu dira elkarlanean Hemengoak programa aurrera ateratzeko.