Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzendutako ikasmaterialetatik euskaldunen erreferentziak kendu nahi ditu Navarra Sumak Iruñean. Horien ordez, Espainiarekin lotura nabarmentzen duten pasarte historikoak nabarmendu nahi ditu.
Navarra Sumak hainbat aldaketa egin nahi ditu Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzendutako Iruñeko historiari buruzko programa batean, orain arte irakatsi den materialak “garrantzi handiegia” ematen ziolako euskarari eta baskoiek hiriaren historian izan duten rolari. Iruñeko Udaleko Hezkuntza alorreko Fernando Sesma zinegotziak itzulinguru gehiago eman gabe eman ditu erabakiaren arrazoiak, Diario de Noticiasek jaso duenez.
Ciudadanos alderdiko kidea da Sesma, UPNrekin eta PPrekin koalizioan Iruñeko aginte-makila partekatzen duen alderdi espainiazaleak Udal Gobernuan daukan kide bakarra. Udaleko batzorde batean eman zituen programak jasango dituen aldaketei buruzko azalpenak, EH Bilduk egindako galderei erantzunez. Esplikatu zuenez, Iruñearen historia errebisatzeko erabakiak data eta gertakizun garrantzitsuak ukituko ditu, hala nola, 1512ko Nafarroaren konkista edo Burguen gerrak.
Horien ordez, “eduki berriak” sartu nahi ditu Udalak: garai hispano-erromatarra eta hispano-bisigodoa besteak beste. Loiolako Ignaziok Iruñeko batailan izan zuen rola ere azpimarratu nahi du Navarra Sumak eduki berrian.
Aurretik ikasleei erakusten zitzaien testua “jasanezina” zela adierazi du Sesmak, horregatik aldatuko dutela haren eduki historikoa. “Baskoien eta euskararen papera bakarrik nabarmentzen zuten, Gaztela-Espainia etsaien aldean jarriz, Amaiurko batailan adibidez”, adierazi du Sesmak, 1522an Nafarroako Erresuma berreskuratzeko egin zuten saiakera aipatuz.
EH Bilduk deitoratu du Navarra Suma berriz ere auzi identitarioei begira jartzea eta kritikatu du agintean daudenei “gustatzen ez zaiena” ezabatu nahi dutela ikasleei zuzendutako material batetik. “Oso larria da”, adierazi du Maider Beloki koalizioko ordezkariak.
PSNko Maite Esporrinek berriz, gaia delikatua dela ikusirik, irtenbiderik onena kontsentsua bilatzea izango litzatekeela adierazi zuen.
Geroa Baiko Patxi Leuzak hartu zuen hitza batzordearen bilera amaitu baino lehen. Navarra Sumak euskaldunen erreferentzia oro Iruñetik ezabatzeko daukan gogoa nabarmendu zuen eta honakoa gaineratu: “Moldatu ahalko dituzue gauza batzuk, baina historia dena da”.