argia.eus
INPRIMATU
Navarra Sumak barkamena eskatu die Zabalza, Arregi eta Rodriguezen familiei
  • Foro Sozial Iraunkorrak agerraldia egin zuen asteazken honetan Nafarroako Legebiltzarrean, ETAk borroka armatua amaitu zuenetik egundainoko balantzea egiteko, eta aurrera begirako erronkak azpimarratzeko. Testuinguru horretan egin zuen autokritika UPNko parlamentari Iñaki Iriartek.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko azaroaren 18a
IƱaki Iriarte Foru Legebiltzarreko sesio batean. (Arg.: EITB)

Hauek izan ziren Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariak Herritarrekiko Harremanetako batzordean esandakoak (bera da batzordeko eleduna): “Erraten ari naiz azken 40 urteetan dena ongi egin dugula? Ez, autokritika egiten dugu eta erraten dugu [Mikel] Zabalza, [Mikel] Arregi, [Germán] Rodríguez eta gisa horretako bertze askoren familiei ez geniela adierazi gure kariñoa, ez genuela jakin justizia jasotzeko duten eskubideei behar moduan eusten ere; eta, okertu baginen, ez zaigu kostatzen familia horiei barka eskatzea”.

Iriartek euskara hutsean egin zuen bere agerraldia eta kritika egin zion ezker abertzaleari, ez delako gai esateko “ETA kriminala eta terrorista” izan zela, UPNk, aldiz, beti gaitzetsi dituenean GALek eta BVEek egindakoak, esate batera, "Muguruzaren edo Brouarden hilketak". Azpimarratu zuen, haiek ez dutela GALik sortu, ez zutela indarkeriarik erabili, ez zietela “gerrarik egin haiei gerra egin zietenei”.

UPNko ordezkari baten hitzetan Legebiltzarrean halako autokritika zehatzik publikoki entzuten den lehen aldia da agian, baina ez du oihartzunik izan hedabide nabarrista edo estatukoetan, ez behintzat albiste hau idatzi den agerraldiaren biharamuneko goizean.

Biktimak, ongi-etorriak eta torturatuak

Foro Soziala azken hamar hilabetez lantzen egon den Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala liburua utzi zuen legebiltzarrean. Foroko ordezkari Expe Iriartek adierazi zuenez, “indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko prozesuak, orokorrean, aurrera egin du”, bereziki 2016tik aurrera.

2011tik aurrera irekitakoa ez dela ohiko bake prozesua onartu zuen bertan irakurritako agirian, baina badituela NBEak bake prozesuei onartzen dizkien hainbat ezaugarri ere. Biktimak, euskal presoei egindako ongi-etorriak eta torturaren gaietan zentratu zen, horiek direlakoan prozesuan sortutako korapilo nagusietakoak. Ongi-etorrien gaia ia bideratuta dagoela azaldu zuen: “2021ean, gaur arte, 25 preso atera dira, eta horietako bitan bakarrik egin dira ongi-etorriak espazio publikoan. Eta azpimarratu nahi dugu bietako bat ere ez dela Nafarroan izan”.

Biktimez aritzean, zehaztu zuen ezinbestekoa dela gaur egun egiten den banaketarekin amaitzea; batez ere ETAren biktimak hartzen direlako aintzat, estatuaren indarkeriaren biktimak baztertuz. Lehen eta bigarren mailako biktimen ikuspegiarekin amaitu behar dela azpimarratu zuen.

Eta, azkenik, erreferentzia egin zien Nafarroako torturatuei, eta eskatu zuen EAEn torturari buruz Euskal Kriminologia Institutuak burututako ikerketa Nafarroan ere egitea, “frogatu delako torturaren biktimentzako sendagarria dela”. Horregatik, proposatu zuten 2022an Torturaren Biktimen Nazioarteko Egunean errekonozimendu ekitaldi bat antolatzea, “beti ere ahalik eta adostasunik handienarekin”.