argia.eus
INPRIMATU
Navarra Suma bakarrik geratu da N-121Ako autobide eskaerarekin
  • Joan den larunbatean errepide horretan bi gazte hil ziren auto istripuz eta gertaerak berriz piztu du errepide honen inguruko eztabaida. Errepidearen bueltan diren udaletako alkateek “odol hustea" gelditzeko zerbait egin beharra” eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 17a

Maria Chiviteren Gobernuak dagoeneko hiru bideko errepide proiektua egina du, 2 + 1 eredukoa deitzen dena. Hau da, zati batzuetan norabide batean bi bide daude, modu seguruan aurreratzea erraztuz eta beste errepide zati batzuetan bi bideak alderantzizko norabidean dira. Datorren udarako obren lizitazioarekin hasi nahi du gobernuak.

 

Eremuko alkateek zalantzan jarri dute eredu honek istripuak saihestuko lituzkeenik, hainbat istripu –azkena, esate batera– dagoeneko molde honetako errepide zatian gertatu direlako. Hala ere, proiektu berriak aurreikusten du 60 zentimetro alturako hesi metaliko bat eta bi metroko tartea bi norabideen artean, horrela aurrez aurreko talkak guztiz saihestu nahian.

 

Proiektu honen aurrean, eta larunbateko heriotzek ekarri duten eztabaida baliatuz, Navarra Sumak (NS) errepidea autobide bihurtzea proposatu du. Errepidearen egungo hobekuntzak UPNren agintaldian egin zirenez, PSNk erantzun dio ea zergatik ez zuen egin autobidea orduan. NSko bozeramaile Javier Esparzak erantzun die “gauza asko” egin zutela, baina dena ezin izan zutela egin.

Autobidea hamahiru aldiz garestiagoa da

 

Foru Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietatik UPN da autobidea defenditzen duen bakarra. Oraingo 2+1 moldeko errepideak 70 milioi euroko kostua izango luke eta, Nafarroako Gobernuko herri lanen zuzendaritzaren arabera, autobideak 900 eta 1.000 euroko kostua izan lezake; hots, 2 + 1 proiektuak baino hamahiru aldiz gehiago.

 

Herrietako alkateen esanetan, klabe bat egon daiteke nazioarteko trafiko astuna A15eko autobidetik bideratzean eta Nafarroako Gobernuak gaia aztertuko duela jakinarazi die. Garraiolarien Hiru sindikatua, dena den, ez dago ados proposamen horrekin, haiek errepidea erabiltzeko duten eskubidea argudiatuz, A15ean kilometro gehiago egin behar direla diote eta gainera aldapa handiekin.