Iruñeko Navarra Arena pabilioiko lanak 2011rako amaituta behar zuten, baina oraindik ez du inaugurazio datarik. 58 milioi euroko gastua eragin du orain arte baina hornikuntza tresnak falta dira martxan jarri ahal izateko.
LAB sindikatuak beharrezkoa ez zen obra horretan dirutza gastatu izana salatu du. Are gehiago, sektore publikoan ematen ari diren murrizketen garaian egin dutelako, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak aurrekontu geroz eta txikiagoa duenean.
Karlos Ekiza, erakunde horren LABeko ordezkariak adierazi duenez, Navarra Arena irekitzeko beste 8 milioi euro behar dira gutxienez. Horrez gain, gaur egun pabilioiak erabilerarik ez duen arren, mantenuan 300.000 euro gastatzen direla gogorarazi du.
Azpiegitura erraldoien beste adibideetako bat da Navarra Arena. Iruñea bezalako hiri txiki batean ez zegoen halako baten beharrik, futbol zelaia, pilotalekua, zezen plaza, eskubaloiko pabilioi unibertsitarioa eta Baluarte batzar jauregi eta auditorioa badaudelako, besteak beste.
Azken teknologia erabilita eraiki dute pabiloia, gastuei gehiegi behatu gabe. Beharraren arabera kokatzen diren harmaila automatizatuak, haien kasa zabaltzen diren eserlekuak, bere lekura automatikoki itzuli eta biltzen direnak… Honakoa bideoan ikus daiteke barrutik nolakoa izanen den.