Danimarkako ikerketak erakusten du ingurune naturalak hiri plangintzan integratzea onuragarria dela buruko osasuna hobetzeko.
Badakigu. Badakizkigun gauzak berritu eta gogora ekarri behar izaten dira maiz. Iaz argitaratu zen ikerketa bat orain iritsi da niregana. Hogeita hamar urtean luzatu den ikerketa da. Ikerlarientzako agerikoa zen gauza bat frogatu nahi zuten. Beraien ustez begien bistakoa da: hiri handietan eta ingurune urbanoetan bizi den jendeak arazo psikiko gehiago izan ohi du. Ez dago argi zein diren arrazoiak eta argitu egin nahi zuten. 1985ean hasi ziren horri buruan buelta eta buelta. Galdera bat argitu nahi izan dute: naturaren edo ingurune berdearen hurbiltasunak eraginik ba al du buru osasunean?
Danimarkan egin dute ikerketatzar hori. Herrialde osoa bost eratako guneetan banatu zuten: hiriburua, hiriburu inguruak, gainontzeko hiriak, herriak eta landaguneak. Emaitza espero zena da eta ikerketa argitaratu zutenean idatzi zuten sarrera oso-osorik ekartzeak merezi du: “Hiri inguruneetan haztea nahaste psikiatrikoak izateko arriskuari lotzen zaio, baina horren atzean dauden mekanismoak ezezagunak dira. Berdeguneek buru osasunerako onurak sor ditzakete, eta, beharbada, nahaste psikiatrikoak izateko arriskua murriztu dezakete. 900.000 pertsonari baino gehiagori egindako nazio mailako ikerketa honek erakusten du berdegune maila txikienarekin hazi diren haurren arrisku psikiatrikoa %55 handiagoa dela, beste arrisku faktore batzuen efektuak independenteak izanik. Haurtzaroan izandako berdeguneen eta arriskuaren arteko lotura sendoagoa da, eta horrek frogatzen du inguruan berdeguneen presentzia denbora luzean izatea garrantzitsua dela. Gure aurkikuntzek erakusten dute ingurune naturalak hiri plangintzan integratzea ikuspuntu itxaropentsua dela buruko osasuna hobetzeko eta mundu mailan etengabe hazten ari den nahaste psikiatrikoen karga globala murrizteko”.
Beste ikerketa txikiago batzuek erakutsi dute berdeguneen faltak umorearen edota gogo aldartearen nahasteak eta eskizofrenia izateko arriskua handitzen dituela, eta ezagutzan eta garapen kognitiboan ere eragina izan dezakeela.
Danimarkarren ikerketaz Kelly Lambert neurozientifikoak ere esana du: “Hirigintza hobetzea bezain sinplea den ekintza batek gu denon buruko osasunean eta ongizatean eragin handia izan dezakeela iradokitzen du”.
Badakigu eta ikerketak hala dio: naturaz inguratuta hazten diren haurrak heldu zoriontsuagoak bihurtzen dira. Baratzea, lorategia, fruitu arbolak, basoa edo nahi duzuna, baina landarez eta naturaz inguratu, baldin eta natural izan nahi baduzu.