Kristalezko begi bat (Susa, 2013)
Miren Agur Meabe
Ikusita Miren Agur Meaberen azken nobelak zer nolako harrera izan duen eta zein kritika desberdinak eragin dituen, ez naiz gauza gehiegi esatera ausartzen. Besterik gabe eta polemiketan sartzeko inolako intentziorik gabe, nire iritzi xumea ematera nator.
Franko izan dira liburuaren inguruan zer esanik eman duten puntuak: hizkuntza, gaia, forma, planteamendua, lirismoa, autofikzioa dela eta ez dela. Esan genezake, perspektiba guztietatik aztertua izan den liburua dugula Kristalezko begi bat (Susa 2013).
Egia da, eztabaidagai izan diren puntu guztien inguruko iritzi interesgarriak eman direla, eta denak kontuan hartzekoak diren arren bereziki bat nator Iban Zalduak literatura autobiografikoaz duen iritziarekin. Ni ere ez naiz literatura mota horren oso zalea, beti pentsatu izan baitut kutsu nartzisista dariola. Gogoan dut Arregi Ignazio S.J.-renari aurre egin nionean nola amaitu nuen hura amorratzen, eta harez geroztik konturatu naiz, bere bizitza liburu bat egiteko nahikoa interesgarria dela uste duen norbaitekiko ezin dudala begikotasunik sentitu. Trotski bada ere, ezagutu nahiz ez.
Aldiz, Meaberen liburua plazerez irakurri dut uneoro. Edonola ere, ez da gauza bera autobiografia eta autofikzioa. Ulertzen dudanaren arabera, lehenak bizitza bera du kontagai, bigarrenak, berriz, bizitza baliatzen du kontatzeko. Egia da idazlea pertsonalki ez ezagutzeak derrigor laguntzen duela distantziamendu mailan, eta baliteke horregatik izatea idazle/pertsonaia zein pertsonaia/idazlearen arteko mugak lausoak iruditzen zaizkidala.
Nik emakume baten ahotsa aurkitu dut hemen. Ez dakit errealitatean Miren, Ainhoa ala Agurtzane duen izena, eta ez zait axola. Maitasun haustura batetik atera berri den emakume arrunta da niretzat, poliki-poliki eta gertatu ahala, patchworkaren teknikari helduz, bere bizitza izango denaren patroia osatuz doana. Zenbaitetan ironiaz eta taburik gabe arituko zaio irakurleari, eta bestetan, aldiz, lirismoaren esparrura joko du natura hila eta hortik sortu zein galtzen denaz hitz egiteko. Natura Hila izeneko pasartea zinez interesgarria iruditu zait, bereganatzen duen transzendentzia eta unibertsaltasun mailagatik.
Natura hila izan daiteke: "Halaxe, amodio hil batetik zer sortzen den, esku artean duzu emaitza. Gauza batzuk ez dira galtzen alferrik, ez alferrik galtzen. Eta pintura batetik poema bat sortu da. Horra sorkuntza (hil batek) sorrarazten duen sorkuntzaren katea” (146. orr). Modu horretan lortzen du, idazten duen horri buruzkoari -bere bizitza izan zein ez- balio artistikoa ematea eta Miren Agur izeneko emakume batetik harago joatea.
Sautrelan egin zioten elkarrizketa batean idazleak berak esan zuenez, naturarekin egiten dugun binkulazio automatikoak burmuin konkretu bat eskatzen du. Nik bat egin dut liburu honen naturarekin.