argia.eus
INPRIMATU
Natura suntsitzen jarraituz gero pandemia gehiago eta hilgarriagoak emango direla ohartarazi dute zenbait adituk
  • Pandemiaren erantzule bakarra dago, gizakia. Hori dio Josef Settele, Sandra Díaz eta Eduardo Brondiziok kaleratutako txostenak. Gizateria arriskuan dagoela adierazi dute, Lurraren ekosistemen galera eragitearren.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 27a
Argazkia: Revista Ecociencias.

Gizakien gaixotasunen %70ak animali-jatorria du, gaur egungo krisiak bezala. Gaixotasun horiek aurretik harremanik izan gabeko bi espezie harremanetan jartzearen ondorioz sortzen dira. Horri hirigintzaren inbasioa eta aire trafiko izugarria batu zaizkionean, “kaltegabeko birus asiar bat mundu mailan giza-sufrimendu sinesgaitz eta krisi ekonomiko izugarri bat” eragin du.

Hala ere, COVID-19a hasiera besterik ez dela adierazi dute: “Etorkizunean litekeena da pandemiak sarriago agertzea, bizkorrago zabaltzea, ekonomian kalte handiagoak eragitea eta jende gehiago hiltzea, gaur hartzen ditugun erabakiek izan dezaketen eraginak kalkulatzen ez baditugu”.

Gerta daitekeen errealitatea dela argi utzi nahi izan dute, eta orain erreakzionatzea ezinbestekoa dela etorkizuneko pandemiak ekiditeko. “Ekonomikoki egokia izan daiteke zenbait neurri ekologiko leuntzea, baina hori egiteak etorkizunean pandemia berriak sortzeko aukerak areagotzen ditu”.

Osasun bakarra

Osasun bakarraren kontzeptua ulertu behar dela adierazi du Peter Daszak doktoreak. Gizakien osasunak harreman zuzena du naturaren osasunarekin, eta beraz, osasun bakarra bezala ulertu behar da. Hori horrela, neurriak hartu behar dira natura errespetatzeko, horrek gizakien osasunaren alde egitea esan nahi baitu. “Ez da altruismo hutsa, guztion osasunerako funtsezko inbertsio bat da, etorkizuneko pandemiak ekiditeko”.

Daszakek jakin badaki ekosistema zaintzeko programak garestiak izan daitezkeela gobernuentzako; “Programa horiek hamarnaka bilioi dolar balioko dute. Baina pandemia bat jasaten baduzu, mendean behin bada ere, hori trilioika dolar kostatzen da. Beraz, inbertsioak eginda ere emaitza ona aterako zaizu”.

Lehengora bueltarik ez

Geroz eta gehiago dira pandemiaren osteko errealitateak aurrekoarekin zerikusirik izan behar ez duela dioten ahotsak. Nazio Batuen Erakundeko idazkari orokor Antonio Guterresek ere “hobeto berreraikitzeko” deia egin du, jasangarritasuna oinarri duten gizarteak eraikitzeko.

Positibismotik jo dute askok, eta orain egoerari buelta emateko aukera dagoela adierazi dute. Settele, Díaz eta Brondizio, txostenaren hiru idazleek, etorkizunean krisi berriak sortzea ekiditeko aukera dagoela adierazi dute, aipatutako neurriak hartuz gero.