argia.eus
INPRIMATU
NATOren eta EBren aurkako manifestazio nazionalera deitu dute
  • “NATO buru duen azken ofentsiba inperialistari aurre egiteko eta Euskal Herri antiinperialistaren aktibazioa aldarrikatzeko” antolatu dute deialdia Askapenak, NATOren eta Europako Batasunaren Aurkako Herri Plataformak eta Bardea Orain taldeek. Martxoaren 11n egingo dute, Bilbon, NATO eta EB ez, Euskal Herria antiinperialista! lelopean.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 07a

“Egungo testuinguruak urgentziaz eskatzen du Euskal Herri antiinperialista eta internazionalista baten aldarria”, hasi dute azalpena talde deitzaileen ordezkariek Bilbon eginiko prentsaurrekoan. Manifestazioa bide horretan “lehen pausotzat” dutela zehaztu dute. .

Krisi kapitalista garaian gaudela onartu dute deitzaileek, baina zehaztu dute ez dela koiunturala, “burgesiak” horrela azaltzen badu ere. Batetik, krisia “kapitalismoaren ezaugarri bat” delako. Bestetik, sakoneko arrazoi geopolitikoa daudela irizten diotelako: “Estatu Batuen hegemonia ekonomiko, politiko eta militarra aldatzen ari den unean gaude. Txina eta, neurri txikiagoan, Errusia beren eragin ekonomiko eta politikoa areagotzen ari dira munduan, eta horregatik ari dira potentzia atlantistak ofentsiba Ekialderantz garatzen, hain zuzen ere, beren kontrolari eusteko. Testuinguru honetan kokatu behar ditugu inperialismo atlantistaren nahiz bere erakunde kriminal NATOren eta, nola ez, Europar Batasunaren mugimenduak”.

NATO munduan eta Euskal Herrian

NATO “burgesiaren armada” dela ziurtatu dute manifestazioaren deitzaileek, eta bere jardunaren emaitzak ez direla soilik militarrak: “Langile klasearen gainesplotazioa eta prekarizazioa; lan eskubideetan aldaketak, klase borrokaren bitartez irabazitako kontzesio materialak kentzeko”. Horren adibide gisa jarri dituzte Espainiako Estatuko “alderdi sozialdemokrata guztiek onartutako” aurtengo aurrekontuak: “Herri langileen baldintza materialak okertzea babesten dute, NATOren mesedetara”.

NATOk Euskal Herrian zer eragin izan duen eta duen aletu dute eragileetako ordezkariek: Bardeako poligono militarra, Gasteizko Arakan egin ziren ariketa militarrak, gastu militar publikoa, Santurtziko portuaren erabilera gerretara armak bidaltzeko... “Eta ezin dugu inolaz ere ahaztu NATOk bere garaian emandako babes logistikoa, Euskal Herriaren askapen borrokaren kontra diseinatutako estrategian”.

Martxoaren 11n, Bilbon

Herritarren aurka hartzen diren neurri ekonomiko zein errepresiboei eta “inperialismoaren azken ofentsibari” aurre egiteko, “burgesiaren aparatu politiko guztiak suntsitzea” ezinbestekotzat jo dute prentsaurrekoan: Frantziako eta Espainiako estatuak, NATO, eta Europar Batasuna. Helburu horrekin dei egin diete euskal herritarrei inperialismoaren aurka aktibatu eta Bilboko manifestazioan parte hartzera.