1986ko martxoaren 12ko erreferendumean Hego Euskal Herriak ezezkoa eman zion NATOri. Data hura gogoan, 1949an sortutako aliantza militarraren aurkako ekimenak izango dira hainbat herritan, Askapenak antolatuta.
Espainiako Estatua 1982an sartu zen NATOn. "Erabaki hark espainiar eta euskal eskuin indarraren onespena jaso bazuen ere, jakina zen euskal herritarren gehiengoa ez zetorrela bat erabaki harekin", dio Askapenak. "Hala erakutsi genuen lau urte beranduago".
"Hitz hutsetan geratzen bagara edo boteredunen ahotik entzutera mugatu, munduko segurtasunaren izenean adostutako hitzarmen militarra izan zela irakurriko dugu. Lerroartean baina, argi asko ikus daiteke, batetik indar hartzen ari zen komunismo sobietarra geraraztea zuela xede, eta honen aitzakian, benetako helburua euren burgesia eta oligarkia nazionalaren defentsa zela, herri langileon interesarekin zerikusi gutxi zuena eta duena hain zuzen".
"NATO aliantza militarra da, inperialismoaren esku armatua. Historiari begiratu besterik ez dugu urtez urte, herrialdez herrialde bere benetako aurpegia ikusteko: Jugoslavia ohia (1999), Irak (1991 eta 2003), Afganistan (2001) eta Libia (2011)".
"Bardeak ditugu Euskal Herriaren subiranotasuna lapurtu izanaren adibide argia. Egun AEBak bertan ez badaude ere militarrek han jarraitzen dute, espainar Aireko Armadaren tiro poligono bakarra bihurtu da berau. Herriari, herri langileari ostutako lurrak dira, 42.500 hektarea zehazki".
"Orain 28 urte, euskal herritarrok Euskal Herriaren subiranotasun nazional eta sozialari baiezkoa eman genion, eta Euskal Herri antiinperialista aldarrikatu. Martxoaren 12 hartan hitza hartu genuen, ez dezala orain haizeak eraman".
DEIALDIAK
Martxoak 12
- Gasteizen arratsaldeko 19:00tan berriz hitzaldia izango dugu Walter Wendelein eta Amparo Lasheras eskutik Aldabe Gizarte etxean.
- Arrasaten hitzaldia egingo dugu 19:00etan Iñaki Gil de San Vicenterekin.
- Urretxun arratsaldeko 18:00etan (Hilabete Internazionalistaren baitan) El ejercito secreto de la OTAN dokumentalaren emanaldia antolatu dugu
-Laudion arratsaldeko 18:30etan Kultur etxean OTAN, el brazo armado de la ley dokumentala izango dugu ikusgai eta 19:30etan berriz elkarretaratzea Lamuza plazan
Martxoak 14
- Altsasun hitzaldia antolatu dugu 19:00etan Iortia Kultur gunean.
Martxoak 15
- Etxarrin 19:00etan La OTAN, el brazo armado del imperio dokumentala ikusteko aukera izango dugu.
Martxoak 16
- Iturmendin (Sakana) El ejercito secreto de la OTAN dokumentalaren emanaldia izango dugu 19:00etan.
Martxoak 21
- Donostian Groseko Kortxoenea gaztetxean NATOren inguruko hitzaldia eta jaialditxoa.