argia.eus
INPRIMATU
NATOn sartzea eskatu dute Finlandiako agintariek, eta Errusiak neurri militarrak hartuko dituela ohartarazi du
  • Atzo Finlandiako presidenteak eta lehen ministroak adierazi zuten Finlandiak "NATOn sartu behar duela", bere segurtasuna bermatzeko. Errusiak, bestalde, adierazi du neurri militar bereziak hartzera behartuta egongo dela.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko maiatzaren 13a

NATOn sartzearen aldeko iritziak nabarmen egin du gora Finlandian. Hau ikusita, Sanna Marin lehen ministroak eta Sauli Niinisto presidenteak atzo adierazi zuten aliantza militarrean sartzeko lanetan hasiko direla. Horretarako, lehenik eta behin gobernuaren eta parlamentuaren babesa behar du NATOn sartzearen eskaerak, eta ostean, biztanleriak berrestu beharko du.

Azken inkesten arabera, biztanleriaren %76 dago aliantza militarrean sartzearen alde. Azken hilabeteetan nabarmen egin du gora; izan ere, otsailean, Ukrainako inbasioaren aurretik, biztanleriaren %53 zegoen aliantzan sartzearen alde, eta martxoan %62ra igo zen.

Finlandiako agintarien adierazpen hauen ostean, Errusia haserre agertu da, eta neurri tekniko eta militar bereziak hartzera behartua izango dela dio, azkenean Finlandia NATOn sartzen bada: "Errusia erantzunerako neurri militar eta teknikoak hartzera behartua izango da, bere nazioaren segurtasunerako mehatxuak gelditzeko", adierazi du Errusiako Kanpo Ministerioak.