argia.eus
INPRIMATU
NATOk Ukraina “gonbidatuko” du erakundean sartzera, “baldintzak ematen direnean”
  • Vilnius-eko (Lituania) goi-bileran jakinarazi du erabakia NATOk. Adierazpenak ez du eperik zehazten. Ukraina NATOn sartzeak Errusiaren eta Aliantzaren arteko gerra zuzena ekarriko luke, gerra nuklearraren arriskua biderkatuz. Volodomir Zelenskik NATOren erabakiaren aurka egin du.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko uztailaren 11
NATOk Lituanian asteartean egin duen goi-bileraren talde argazkia. Argazkia: NATO.

Asteartean egin du publiko NATO erakundeak herrialde kideen artean adostutako erabakia. “Aliantzak Ukrainari lagunduko dio etorkizuneko atxikimendurako bidean erreformak egiten. Ukrainari Aliantzarekin bat egiteko gonbidapena egiteko moduan egongo gara aliatuak ados daudenean eta baldintzak betetzen direnean ”. Gonbidapen formala beharrezkoa da NATOko kide egiteko prozesua abiatzeko.

NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek zehatzago hitz egin du: “Gonbidapena baldintzak betetzen direnean bidaliko da. Erakundeen modernizazioa barnebildu behar du, gobernantza, ustelkeria eta indar armatuak indartzea. Horretan ari gara lanean, erakundeak modernizatzen eta armaden arteko elkarreragingarritasuna adosten. Baina Ukrainan ere gerra bat dago, gerra bat dagoenean ez da unea Aliantzaren kide bihurtzeko. Azkenean, aliatuek adostu behar dute, horrela hartzen ditugu erabakiak NATOn”. Finean: gonbidapenak ez du eperik, gerra amaituta egon beharko luke, eta orduan herrialde kide guztiek babestu beharko dute Ukrainaren sarrera NATOn.

Zenbait hedabidek zabaldu dutenaren arabera, azken unean sartu da testuan “gonbidapena” hitza, Ukraina NATOn ahalik eta azkarren sartzearen alde dauden herrialdeen –Herrialde Baltikoak nagusiki– eta itxarotea nahiago dutenen –AEBak eta Alemania, besteak beste– jarreren arteko erdibide gisa. Ukraina NATOn sartzea Errusia eta NATOren arteko gerra zuzena ekarriko luke, eta gerra nuklearraren arriskua areagotu.

Zelenski haserre

Ukrainako presidenteak gogor kritikatu du NATOren erabakia: “Harrigarria eta zentzugabea da Ukraina gonbidatzeko eta atxikitzeko egutegirik ez egotea; eta "baldintzei" buruzko termino bitxiak gehitzea, baita Ukraina gonbidatzeko ere... Badirudi ez dagoela Ukraina NATOra gonbidatzeko edo kide bihurtzeko borondaterik”.