2011ko inbasio militarrak iraun bitartean prentsan idatzi zenez, Gadafiren aldekoek ur hornidura itxi zuten zibilak zigortu eta gerra irabazteko mekanismo moduan. Nafez Ahmed ikerketa kazetariaren arabera, hori gezurra da: NATOk eraso egin zien estatuaren jabetzakoak ziren ur hornidura instalakuntzei.
Helburu militarrekin azpiegitura zibilak suntsitzea, horren ondorioz gizartean heriotzak nabarmen ugarituko direla jakinda guda krimena da Genevako Konbentzioak dioenez. Nafez Ahmed kazetariak idatzi duenez, “NATOk Libiako ur hornidurarako azpiegiturak suntsitu zituen eta Gadafiri bota zioten horren errua”.
Libian Ibai Artifizial Handia (IAH) izeneko hodi sistema erraldoi bat dago ur hornidura bermatu eta Saharako desertura ura eramateko. Gerran hodi sistema eta berau hornitzen zuten fabrikei kalteak eragiteagatik, IAHa eten egin zen France Pressen arabera “ordezko piezak eta hodien faltagatik”. NBEko funtzionarioek azaldu zutenez, “IAHaren deposituak ez baleude maila egokian eta proiektuak kale egingo balu, larrialdi egoera humanitarioa sortuko litzateke”.
StratFor inteligentzia eta espioitza enpresa estatubatuarraren 2011ko mezu elektronikoak zabaldu zituen Wikileaks-ek. Pentagonoko goi karguekin operazio militarren koordinazioan paper garrantzitsua jokatu izan du enpresa honek The Ecologist-en arabera. Zabaldutako emailetan oso kontziente dira Ibai Artifizial Handia ixteak ekarriko lukeenaz: “1991an eraikitzen hasi zirenetik bikoiztu egin da Libiako populazioa. Ibai hori deuseztatu eta oso azkar bueltatuko lirateke lehenagoko populazio kopurura”.
UNICEFek jakinarazi zuenez, IAHa moztu beharragatik 4.000.000 libiar ur edangarri gabe geratu ziren.