argia.eus
INPRIMATU
NATOk dio europarrak prestatu behar direla 20 urte barru Errusiaren aurka gudara joateko
  • NATOko Batzorde Militarreko presidente Rob Bauerrek adierazi du gerra piztuz gero, zibil asko mobilizatzeaz gain, gobernuek “prozesua kudeatzeko sistemak” ezarri beharko lituzketela. Hurrengo 20 urteetan eman litekeen gertakaritzat jo du.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 22a

Errusiarekin “erabateko gerra” hurrengo 20 urteetan izan liteke, Batzorde Militarreko presidente Rob Bauerren arabera. Hala, indar armatuak gerra pizteko prest badaude, herritarrek euren bizitzetan erabateko aldaketa ekarriko lukeen gatazka baterako prest egon behar luketela adierazi du. Gaineratu du NATO osatzen duten herrialdeetako iritzi publikoek ulertu behar dutela ezin dela gerra erabat baztertu hurrengo urteetan, eta “gizarte osoa inplikatzen duen fenomenoa” dela. Gerra piztuz gero, gobernuek zibilak mobilizatu eta “prozesua kudeatzeko beharrezko sistemak” doitu beharko lituzketela azpimarratu du.

NATOren ariketa militarrak

Testuinguru horretan, hainbat herrialdek jarraitzen dute bide militarista elikatzen, Il Messaggero-k jaso duenaren arabera. Izan ere, NATOk adierazi du hainbat ariketa militar egingo dituela maiatzera arte, “historiako handienetako bat”: 31 estatutako 90.000 soldaduren eta Europa osoan zehar banatutako ibilgailu, hegazkin eta ontzi ugariren parte hartzearekin. Britania Handiak 20.000 soldadu inguru konprometitu ditu ariketetarako. Eta Errusiak, berriz, gastu militarra hirukoiztu du aurrekontu nazional osoaren %40raino, ekoizpen lerroak bizkortuz.