Sortu zela 75. urteurrenean egindako gailurrean, Aliantza Atlantikoak Txinaren kontrako mezua gogortu du eta herrialde asiarrari egotzi dio Errusia laguntzea Ukrainako gerran. Kievi laguntza gehiago emateko konpromisoa adierazi dute NATOko 32 kideek eta Europako herrialdeek gastu militarra are gehiago handitzea eskatu dute.
Norabidea aldatu ezinik dabilen transatlantiko handi bat balitz bezala, NATOk jarraitzen du gerra hotzaren garaiko hizkera belizistarekin mundu mailako gerra-eskalada tenkatzen. 75. urteurrenean Txina jarri du berriz ere jo puntuan, Errusiak Ukrainan daraman gerraren "bideratzaile funtsezkoa" dela egotzita.
"Uste dut NATOk goi-bilera honetan bidalitako mezua oso indartsua eta argia dela: argi eta garbi ari gara definitzen Txinaren erantzukizuna Errusiaren gerra baimentzerakoan", azaldu du erakunde militarraren idazkari nagusi Jens Stoltenbergek.
Komunikatu batean, Aliantza Atlantikoak kezka erakutsi du Pekinen armategi nuklearragatik, bere esanetan ojia nuklearrak zabaltzen ari delako, nahiz eta ez duen hori frogatzeko beste daturik eman: "Mehatxu hibridoei, zibernetikoei, espazialei eta bestelakoei aurre egin behar diegu, bai eta estatuaren parte diren eta estatukoak ez diren aktoreen jarduera maltzurrei ere", dio onarturiko testuak. NATOren aburuz, Errusia eta Txina "nazioarteko ordenaren joko-arauak aldatu nahian" dabiltza.
Pekinek berehala arbuiatu ditu AEBen eta enparauen hitzak, "probokatzaileak eta gezurrez beteak" direla esanda, The Guardianen irakurri daitekeenez. Txinako Kanpo Gaietarako Ministerioak NATOri eskatu dio mantendu dadila Asia eta Pazifikoko eskualdetik kanpo eta bere "erretorika beligerantea" gaitzetsi du.
Washingtonen egunotan egin den goi-bileran, NATOko kideek onartu dute Kievi laguntza gehiago ematea. 2022tik urtero 40.000 milioi euroko laguntza eman izan dio Ukrainari. Aliantza Atlantikoak bere adierazpenean esan du Ukraina erakunde barruan sartzea "atzeraezina" dela, baina beti ere azken nabardura bat eginda: "Baldintzek ahalbidetzen dutenean".
Aliantza Atlantikoak bere adierazpenean esan du Ukraina erakunde barruan sartzea "atzeraezina" dela, baina beti ere azken nabardura bat eginda: "Baldintzek ahalbidetzen dutenean"
Nolanahi ere, diruaz gain, armak esportatzen jarraituko dute Ukrainara. AEBek bezala Alemaniak, Herbehereek, Italiak eta Errumaniak misilen kontrako aire bidezko sistema sofistikatu eta garestiak prest dituzte bidaltzeko.
Gastu militarra handitzen eta handitzen
AEBetako presidente eta gailurraren "anfitrioi" Joe Bidenek gastu militarra aipatu du bere diskurtsoan. Duela bi urte aurrekontuaren %2 armetara bideratzen zuten herrialdeak gutxiengoa zirela gogorarazi du eta gaur egun 23 herrialdek zifra hori gainditzen dutela, NATOko kideen bi herenek. 2024an gastu militarra %18 handitu da orotara.
Baina armak ekoizteko "gaitasun industrialak" are handiagoa izan behar duela ohartarazi du Bidenek. Eta NATOren komunikatuak ere ildo beretik jotzen du: "Kasu askotan, BPGren %2tik gorako gastua beharko da", dio erakunde militarrak, bere aburuz dauden "gabeziak" konpontzeko.
Testuinguru horretan, Erresuma Batuko lehen ministro Keir Stamerrek iragarri du 64.600 milioi liberatik (76.669 milioi euro) 87.100 milioi liberatara (103.371 milioi euro) handituko duela defentsarako gastua, eta gauza bera egiteko eskatu die NATOko gainerako kideei: "Uste dut esan beharko genukeela noiz iritsiko garen %2,5era. Ez da nahikoa esatea 'egoerak ahalbidetzen duenean', Putin ez da gure egoera nahikoa ona izatearen zain egongo erasoa jotzeko", esan du.