argia.eus
INPRIMATU
NATOk Bardeetan maniobra handiak egingo ditu 1.300 soldadurekin
  • Urriaren 6tik azaroaren 21ra bitarte NATOk 30.000 soldadu bideratuko ditu aliatuen 30 herrialdeetan, horietatik 1.300 Bardeetako tiro eremura. 1991. urtean Berlingo Harresia erori zenetik NATOren operaziorik handiena da.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 04a
"Trident Juncture 2015" operazio militarrak 1.300 soldadu bideratuko ditu Bardeetara (Argazkia: Diario de Navarra)

“Trident Juncture 2015” izendatutako maniobra militarrak AEBen 82. Aire Dibisioaren laguntza izango du. Espainiar Estatura ia 20.000 soldatu bideratuko dituzte. Espainiako Armadak 8.000 militar, hamahiru itsasontzi eta 43 hegazkin eta helikoptero bidaliko ditu.

Espainiako Defentsa Ministro Pedro Morenések esan du operazioak “disuasio” izaera duela.

Zaragozako NATOren aurkako plataformaren ustetan Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen historiaren maniobrarik handiena da. “Mobilizazio handiak” abian jarri baino lehen, plataformako kideek adierazi dute herritarrei maniobra hauen arrazoiak azaltzeko kanpaina abian jarriko dutela.

Azken sei hilabeteetan bi istripu

Uztailaren 23an Helikoptero batetik jaurtitako bala batek tiro eremutik kanpo zegoen zibil bat zauritu zuen.

Martxoaren 5an F-5 hegazkin batek bi ke bonba bota zituen. Bonbak inguruan txangoa egiten ari zen bikote baten ondoan erori ziren.

Maiatzean ariketa horiei buruzko informazioa eskatu zion Espainiako Defentsa Ministeritzari Sabino Cuadra Amaiurreko parlamentariak.